Golanden ustez, kontsulta-liburu batean bazterketa bultzatzen duten hitzak agertzen badira, erabilera horiek zilegitzat jotzen dira, eta esan zuen inkisizioaren garaia zetorkiola gogora. Urte berean, Comunidad Judía de España erakundeak antzeko kritika eta eskaera egin zizkion Espainiako Real Academia de la Lenguari.
Ildo berean, 2017ko azaroan, erabiltzaile batek beste galdera hau egin zion RAEri Twitterren: «Os habéis replanteado el cambiar la definición de «sexo débil» de vuestro diccionario?».
Hizkuntza baztertzailearen gaztelaniazko bi adibide dira horiek, eta beste hainbat eman genitzake genero, sexu, erlijio, ideologia eta abarri dagozkionak. Euskaraz ere bai, noski. Zer egin behar genuke hiztegian diskriminatzaile diren hitz edo adierekin? Hiztegigilearen ohiko erantzuna izaten da hizkuntza deskribatzea dela hiztegiaren lehen egitekoa, eta ezin direla hitzak zentsuratu, hobe dela erabilera-markak gehitzea, hitz edo erabilera jakin bat gutxiesgarria edo baztertzailea dela zehazteko. Hiztegigilearen beste baliabide bat ere bada sarrerak adibide egokiz hornitzea.
Laroussek horrelako ohar bat gehitu zuen judiada sarreran, eta antzera egin zuen RAEk sexo débil sarreran; aipatu adieran, «conjunto de las mujeres» definizioaren ondoren, ohar hau gehitu zuen: «usado con intención despectiva o discriminatoria». Hala ere, bigarren kasuan, erabiltzaileari aldaketa ez zitzaion nahikoa iruditu, definizio hori eta hiztegian dauden beste hainbat definizio gutxiesgarriak direla iritzita, aldatu egin beharko liratekeela zioen, gizarte hobeago baten alde.
Badirudi hitz edo adiera bat hiztegitik kentzeak errealitatea aldatzea dakarrela berarekin, eta hori ez da egia. Entzuten da batzuetan «hitz hori ez da existitzen», hiztegian ez dagoela argudiatuta, baina hitzaren existentzia ez du hiztegiak erabakitzen, erabilerak baizik. Amelia Barquin genero-berdintasuneko adituaren hitzetan: «Hizkuntzak ez du behartzen. Egoki adierazteko baliabideak eskaintzen ditu. Aukeraketa hiztunak egiten du». Hitz horiek hiztegien arlora egokituz gero, antzeko zerbait esan genezake. Baina jakitun gara arazoa hor dagoela, eta, gizartea eta harekin batera hizkuntzak aldatu ahala, saiatzen gara gure hiztegiak eguneratzen. Horregatik, Elhuyar hiztegian berariaz lantzen ari gara hizkuntza baztertzailearen arazoa, hiztegigintzaren testuinguruan aztertu, berariazko irizpideak landu, eta haien araberako lan lexikografikoa egiteko. Horren erakusgarri ditugu 2017an egokitu ditugun hainbat lanbideren inguruko adibideak. Esate baterako, 2013ko edizioari erreparatzen badiogu, gaztelaniazko piloto sarrerak s.m. (sustantivo masculino) kategoria soilik zuen; gaur egungo edizioan, ordea, s. (sustantivo) kategoria du, eta adibideak ere bitarikoak dira:
- La piloto esperó las órdenes de la capitana: pilotua kapitainaren aginduen zain egon zen.
- El piloto dirigió la maniobra de atraque: pilotuak atrakatze-lanak gidatu zituen.
Antzeko zerbait gertatzen da «práctico» lanbidearekin. Gaur egungo edizioan, s. (sustantivo) kategoria du, eta adibidean ere argi geratzen da gizonezkoa zein emakumezkoa izan litekeela:
-En los puertos el práctico o la práctica conduce el amarre de los barcos: portuetan, portuko gidariak zuzentzen du ontzien amarratzea
Dena den, egin beharreko lanen hasiera besterik ez da hau, eta bidea luzea izango da.