Ondarebideak

Erabiltzailearen aurpegia Saroi Jauregi 2017ko abe. 21a, 14:17

Webgune bat da, eta Euskal Herriko zenbait museo, liburutegi eta artxibotako ondare digitala biltzen du ondarebideak.eus helbidean. Une honetan, 41 erakunderen 428.000 elementu baino gehiago ikus ditzakegu gune horretan.

Agenda mugikorrean daukagu; liburuak ebooketan irakurtzen ditugu; hiztegiak kontsultatzeko, aplikazioak deskargatu ditzakegu mugikor eta tabletetara; egunkariak eta aldizkariak Interneten irakurtzen ditugu; eskelak ere ikus ditzakegu Interneten; erosketak online egiten ditugu…


Dena dago Interneten, eta baita liburutegi, museo eta artxiboetako ondarea ikusteko eta ibilbide turistikoak egiteko aukera ere.


Ondarebideak du izena proiektuak, eta Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan sortu zen, Eusko Ikaskuntzak, IXA Taldeak eta Elhuyarrek garatuta.


Azken batean, Ondarebideak webgune bat da, eta Euskal Herriko zenbait museo, liburutegi eta artxibotako ondare digitala biltzen du ondarebideak.eus helbidean. Une honetan, 41 erakunderen 428.000 elementu baino gehiago ikus ditzakegu gune horretan.


Eta ez ikusi bakarrik. Ondare hori biltzeaz gain, badu beste berritasun bat webgune horrek. IXA Taldeak eta Elhuyarrek euskararako garatutako hizkuntza-teknologiak ditu atzean, eta horrek aukera bikaina eskaintzen digu elementu horiek denak sailkatzeko eta elkarrekin erlazionatzeko.


Kontsulta hutsetik haragoko eskaintza du gune horrek, erabiltzaileari aukera ematen baitio interakzioan jarduteko, eta elementuak bere irizpideen arabera nahieran elkarrekin lotuz ibilbide digitalak osatzeko.
Webgunean, une honetan, 40 ibilbide daude sortuta, hala nola Eibarko eraikinei buruzkoa, euskal zientzialariak elkarrekin lotzen dituena, trenari buruzkoa, Mikel Laboaren bizitzari eta sorkuntzari errepasoa egiten diona…


Erabiltzaileek, webgunean sartuta, lehendik dauden ibilbide horiek ikus ditzakete, eta, erregistratuz gero, baita berriak sortu ere. Ondarearen interpretazio propioa egin dezakegu, eta nork bere istorioak eraiki. Hiri bateko eraikinez eraikineko ibilbidea osatu, garai jakin batekin lotutako elementuen arteko ibilbidea, pertsonaia historiko batekin lotutako elementuen arteko ibilbidea…


Bizipen edo esperientzia jakin bat gogora ekartzen digun ibilbide bat eraiki dezakegu webgunean guk nahi ditugun lekuak, pertsonak eta gainerako elementuak bilatuz eta elkarrekin lotuz.


Proiektuak bigarren urtea du hau, eta haziz eta zabalduz doa pixkanaka. Datorren hiletik aurrera, esate baterako, Wikipediako euskarazko hainbat elementu gehituko ditugu. Eta etorriko dira gehiago.


Animatuko zara ibilbide digital bat egitera?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!