Seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzen ari zara, eta ezin duzu asmatu zerbait euskaraz nola estaten den. Ordenagailu baten aurrean bazaude eta Interneterako konexioa baduzu, ez dago arazorik, hainbat hiztegi eta baliabide baitaude kontsultatzeko.
Baina horietako zein aukeratuko duzu? Batean aurkitu ezean, beste batean begiratu beharko duzu. Eta badakizkizu guztien helbideak?
Badago aukera bat horietako asko batera kontsultatzeko. Euskalbar du izena, eta Firefox nabigatzailearekin erabiltzeko gehigarri bat da.
Oso erraz instalatzen da euskalbar.eu webgunean sartuta. Behin instalatuta, botoi gorri bat agertuko zaigu nabigatzailearen goialdean eskuinean, eta hori sakatu besterik ez dugu egin beharko Euskalbarren kontsultak egiteko. Euskarazko ia 80 baliabide digitaletan egin ditzakegu bilaketak Euskalbarren bidez: euskara hutsezko hiztegi orokorrak, hiztegi orokor eleaniztunak, sinonimoen hiztegiak, hiztegi terminologiko edo tekniko orokorrak, hiztegi terminologiko edo tekniko espezializatuak, fraseologia- hiztegiak, euskalkietako edo herrietako hiztegiak, euskarazko corpus orokorrak, corpus eleaniztunak, corpus espezializatuak, posta-zerrendak, zuzentzaileak, estilo-liburuak eta bilatzaileak daude tartean.
Euskalbarren kontsulta bat egiteko, kontsultaren hizkuntza-norabidea aukeratu behar da, eta bilatu nahi den hitza kutxan sartu. Hobespenetan ezar dezakegu aukeran dauden baliabide horietako zeinetan egin nahi dugun kontsulta.
Gainera, baliabideetan bilaketak banaka egiteaz gain, hobespenetan ezar dezakegu kontsulta konbinatua zein hiztegi edo baliabidetan egin nahi dugun, eta, hala, Shift eta Enter edo Ktrl eta Enter sakatuta, batera bistaratuko zaizkigu guk aurrez zehaztutako baliabideetako emaitzak.
Oso erraza da, baina, asmatzen ez baduzu, Laguntza botoian aurkituko dituzu argibideak.
Euskabar ez da berria, hamar urte baino gehiago pasatu dira Juanan Pereirak Euskalbarren lehen bertsioa argitaratu zuenetik. Harrezkero, osatuz eta eguneratuz joan da. Software librea denez, Juananen hasierako bertsioak beste hainbat euskaltzaleren ekarpenak izan zituen, eta azken bi urteetan nagusiki Elhuyar arduratu da mantentze-lanez.
Duela gutxi, Firefoxen azken eguneraketak direla eta, guztiz berritu behar izan dugu Euskalbar, eta itxuraldatua dago ordutik. Aurrerantzean ere jarraituko dugu Euskalbar eguneratzen eta egokitzen.
Ezinbesteko tresna bihurtu da euskararekin lan egiten duten zenbait profesionalentzat, hala nola itzultzaile, kazetari eta irakasleentzat. Horren erakusgarri, datu hauek: Euskalbar 240.000 aldiz deskargatu da Mozillaren gehigarrien webgunetik, eta gaur egun 8.000 erabiltzaile aktibo baino gehiago ditu.
Probatu nahi? Sartu euskalbar.eu webgunean, deskargatu, eta aurrera!