Zizurkilgo EH Bildutik oraindik sinetsi ezinik gaude EAJko hiru zinegotziek udal aurrekontuak kritikatzeko idatzian esandakoengatik. Hain zuzen, Udalak eskumenik ez baina lan eskerga egin duen eta Zizurkilentzat gai ezinbestekoa den zerbaiten harira esandakoengatik. Hau dio idatziak: «Talde jeltzalearen iritziz, aurrekontu hauek ez dute konponbide zehatzik eskaintzen, ezta Zizurkilgo erronka nagusiei aurre egiteko ibilbide-orri argirik ere. Adibide nabarmenetako bat saihesbidearena da, udalerriko trafikoa hobetzeko funtsezko azpiegitura baita, eta Aldundiak dagoeneko esleitu du aurrekontua, baina Udalak ez du bultzatu. EAJk gobernu taldearen inplikazio handiagoa eskatzen du proiektu honek behingoz aurrera egin dezan».
Adierazpen hori marra gorri bat gainditzea da. Politikan, are gehiago, herri txiki bateko politikan, inoiz gainditu beharko ez litzatekeena. Gezurra da esandakoa, gezur nabarmena, eta gainera hori egiten dute zizurkildar askoren bizi baldintzetan eragin nabarmena duen auzi batean, eta jakinaren gainean. Zizurkilgo Udalak legealdi asko daramatza, HBk lehenik eta EAJk ondoren gobernatzen zuenetik, saihesbidea eskatuz. Hor daude Udalak hamarkadetan onartutako ebazpenak. Udal gobernu honek, legealdi honetan, lehentasun nagusi gisa jarri zuen gaia. Helburu gisa jarri zen legealdi honetan Aldundia mugitzea. Udalak txosten tekniko zehatzak aurkeztu dizkio Aldundiari, trafiko kopurua, gune arazotsuak, balizko irtenbideak…. proposatuz. Berriz diogu, Udal eskumena izan ez arren, lehentasun atzeraezina delako guretzat. EH Bilduren udal gobernuak bilera ugari egin ditu legealdi honetan EAJk gidatzen duen Aldundiko errepide saileko arduradunekin. Asko izan dira. Eta oraingoan bai, Aldundian mintzakidetza egokia aurkitu dugula esan dezakegu. Bi aldeak zintzo ari gara lanean. Eta hala jarraituko dugula espero dugu.

Duela egun batzuk informatu genuen bezala, herritarren hobekuntzarako hainbat lan egiteko konpromisoa hartu du Aldundiak Zizurkilen: Olentzoko biribilgunea, abiadura murrizketa, seinalizazioa… Bide baten hasiera da. Saihesbidearen kostua tarteko, Aldundiak ez du momentuz lehentasunen artean. Hitz egin dugu bileretan bestelako alternatibez eta Zizurkilgo Udal gobernuan argi defendatu dugu Elbarrenako herritarrei alternatiba integral eskaini behar diela saihesbideak. Gaia lantzen jarraitzen du Aldundiak baina bien bitartean bide bati ekin diogu. Aurrerapausoa da. Eta hizketan jarraituko dugu saihesbideaz.
Ondorioz, gaur gaurkoz, Aldundiak ez du aurrekonturik esleituta saihesbiderako. Bi erakundeak gaia lantzen ari gara. Udalak ahaleginak eta bi egingo ditu saihesbidea errealitate izan dadin, eta gutxienez, Gipuzkoako Aldundia hasi da Zizurkilen urratsak egiten. Zein da Zizurkilgo EAJren helburua? Bi erakundeen arteko lankidetza zapuztea? Herritarrak udalaren aurka jartzea gezurra esanez?
Gauza bakarra eskatzen diogu, atzera egin dezatela adierazpen horretan, eta urgentziaz. EH Bildutik saiatu gara oposizioarekin mintzakidetza zintzoa izaten, informazioa ematen, baina gezur nabarmen bat publiko egin eta atzera egin nahi ez bada, EAJrekin harremana birplanteatu beharko dugu.
Aurrekontuetako ekarpenei lotuta azken puntu bat erantsiko dugu: Ekarpenak egiteko epean PSEk bai, baina EAJk ez zuela iradokizunik ere egin. Hitz egin eta lan egin dezagun zintzo. Gu prest gaude.