EH Bilduk babesa eman dio saihesbidearen aldeko sinadura bilketari

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zizurkil 2018ko maiatzaren 14a

Zizurkilgo EH Bilduk babesa adierazi nahi dio herritar talde batek abian jarri duen sinadura bilketari

Zizurkilgo EH Bildurentzat, saihesbidearen proiektua da Zizurkilek epe motzean duen lehentasun nagusienetakoa, eta Zizurkilekin Gipuzkoako Aldundiak duen zor historikoa. Ez da gai berria, 80ko hamarkadatik datorrena baizik, eta hamarkadaz hamarkada atzeratu dena. 2010ean agindu eta ondorengo krisiak atzeratu zuena berrekiteko herritar taldeak egin duen eskaera gure egiten dugu. Gogoan izan Zizurkilgo Udalbatzak 2017ko abenduaren 11 EH Bilduk proposatutako mozioa onartu zuela PSEren babesarekin. Oraindik Gipuzkoako Aldundiaren aldetik erantzunik jaso ez duen mozioa, bide batez.

Bertan saihesbidearen beharraren inguruko hainbat datu eman ostean, Zizurkilgo Udalbatzak Gipuzkoako Aldundiari eskatu zion “legealdi honetan proiektua berrekitea, Zizurkilek trafiko aldetik bizi duen egoera gordina aintzat hartuta. Eta gauzapena ez bada ere, bederen, epe zehatzekin bide orri bat marraztea legealdia amaitzerako. Bide horretan, Zizurkilgo Udalaren elkarlana eskaintzen zaio Aldundiari izan litezkeen zalantza eta xehetasunak adosteko”. Esan bezala, oraindik ez dugu erantzunik jaso. Eta uste dugu, beste gai ugaritan bezala, herritarren presioa gakoa izan litekeela herrira behar dugun azpiegitura hori ekartzeko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!