Pertsona bikain eta prestatuz osatutako taldea dugu, tolosarren ispilu den askotariko jendeak osatua, lanerako prest, gogoz eta ilusioz dagoena. Eta Tolosa atseginagoa, jasangarriagoa eta justuagoa lortzeko neurriak eta ideia landuak prest ditugu.
Amaitzen ari den legealdi honetarako, tolosar orok, bizitza duina eta aberasgarria aurrera eramateko aukerak sortzeko programa osatu genuen, programa bera izan da datozen urteetarakoa egiteko oinarri izan duguna. Baina hobetu dugu lau urte hauetan ikasitakoa, ikusitakoa eta jasotakoarekin, oposizioan bada ere urte aberasgarriak izan baitira bai maila pertsonalean zein udalgilean ere.
Hala ere, ez gara horretara mugatu, gure egiteko modua herritarrekin eta herritarrentzat delako. Horregatik azken hilabete hauetan hainbat bilera egin ditugu, Tolosako auzo ezberdinetan zehazki 9 bilera, elkarte desberdinekin, norbanakoekin, eta gaikako 3 bilera ireki ere izan ditugu. Bertan tolosar askok egindako ekarpenak jaso eta dokumentu batean txertatu ditugu. Argi dugu ez dela dokumentu itxi eta zurruna, dinamikoa eta moldagarria baizik, tolosarron bizi kalitatea hobetuko duten neurriak jaso ahala eraldatzen joango dena.
Argi geratu den bezala, gure egiteko modua Gobernantza Kooperatiboa da, beraz, baliabideak jarriko ditugu, herritarrak ahaldundu eta boteretuz, eguneroko udal politikan hitza eta erabakimena izan dezaten. Horretarako sortuko ditugu gaikako Egitura komunitarioak zaintzan, energian, elikaduran eta kulturan, besteak beste, herri behatokia osatuko dugun bezala ekarpenak egin eta Gobernu Planaren jarraipena egiteko. Eta auzoen arteko kohesioa eta elkarlana bultzatzeko auzoetako bilerak maiztasun jakin batekin egingo ditugu eta Auzo Ordezkarien Mahaia ere sortuko dugu.
Etxebizitza duina bermatzeko eskubidea da aurrean dugun erronka nagusietako bat, eta honi aurre egiteko, egun ditugun eta etorkizunean egongo diren etxebizitza hutsak merkaturatzeko laguntza juridiko eta ekonomiko eraginkorrak bideratuko ditugu, alokairu soziala eta etxebizitza dotazionalen eskaintza areagotuz. Tolosaren egoera ezagutzeko azterketa soziodemografikoa egingo dugu etxebizitza garapen berrien beharra aztertzeko, eta egiten badira, Bizigune atsegin eta erosoak sortzea izango da helburu.
Herri atseginagoa egiteko bidean, kale, parke, azpiegitura eta kale altzarien mantenu, garbiketa eta hobekuntzan jarriko dugu enfasia. Auzoek behar dituzten hobekuntzetan inbertsioak egingo ditugu Auzo Ordezkarien mahaiarekin adostuta, Zumardi Txikia herritarrentzat berreskuratuko dugu bere izaera errespetatuz, San Esteban eraberrituko dugu etxebizitza garapen berriei itxaron gabe, Geltokiko plazaren etorkizuna definitu, Olarrainen bide gorrirainoko lotura bultzatuko dugu, Izaskun auzoa...
Trataera berezia merezi du Alde Zaharrak, urteetan eskatu izan dugun plan integrala bultzatuko dugu, auzotarren jarraipen batzorde baten laguntzaz martxan jarriko duguna. Premia asko ditu auzoak: urbanistikoki duindu, etxebizitza hutsak birgaitu eta alokairura bideratu, zerbitzuak eskaini, lokal hutsak zabaldu bai jarduera ekonomiko berriekin bai ikasgela, trasteleku zein bizikleta aparkaleku moduan, eta patioak berreskuratu, besteak beste.
Aparkalekuen arazoari modu integralean heltzeko azterketa sakona burutuko dugu. Zonalde bakoitzeko aparkaleku eta ibilgailu kopurua ezagutu, TAOaren berrikuspena egin, lurrazpiko aparkaleku hutsei irtenbidea eman eta aparkaleku gehiago sortzeko aukerak aztertuko ditugu, San Esteban, Usabal eta Larramendin jarri asmo dugun aparkaleku modularrak kasu.
Mugikortasun paradigma aldatzea beharrezkoa da, Tolosa atsegin eta jasangarriagoa bilakatzeko. Ildo horretan Tolosan oinez zein bizikletaz mugitzea sustatuko dugu, erraztasunak eta azpiegiturak jarriz eta beti ere bizikidetza bermatzeko neurriak hartuz. Era berean ibilgailu pribatua gutxiago erabiltzeko kanpainak eta ibilgailua partekatzeko esperientziak jarriko ditugu martxan, kalitatezko garraio publikoa bermatzearekin batera.
Energiaren gaian ere antolatzeko eredu berriak bultzatuko ditugu. Multinazionalen eredu merkantilista atzean utzi eta herritarrok kontrol maila handiagoa bultzatu nahi dugu burujabetza energetiko ahalik eta altuena helburu, Energia plan estrategikoa osatuz eta Energia komunitatea sortuz.
Elikadura menpekotasuna da herri gisa dugun zaurgarritasun handietako bat, hortaz elikadura burujabetza handitzeko Eskualdeko Elikadura Mahaia osatuko dugu, Tolosako lehen sektorea eta Azoka indartzeko asmoz.
Merkataritza indartzeko Herri Hitzarmena bultzatuko dugu, herriko denden saretzea sustatu eta kontsumo behar guztiak asebeteko dituen kalitatezko merkataritza-gune irekia sortzeko estrategia landuz. Tolosa gastronomiarekin identifikatzen den bezala, bere komertzioaren kalitateagatik ezaguna izan dadin lan egingo dugu.
Garapen ekonomikoa sustatzeko erreferentziazko tresna Tolosaldea Garatzen izan behar du. Egun eskaintzen dituen zerbitzuak indartu eta lerro berriak irekitzeko aukerak aztertzeko Tolosako Udalaren inplikazioa handituko dugu.
Tolosa pertsonen ongizatea zaintzen duen herria izan behar du, beraz Adinekoen bakardadeari aurre egiteko estrategia landu eta Osasun Mentalaren eta Suizidioaren Prebentziorako Programa garatuko ditugu. Era berean, zaintza lanen paradigma aldatzeko pausoak eman eta zaintzaileen lan baldintzak duintzeko neurriak hartuko ditugu. Ongizate emozionaleko egoeraren diagnostikoa eta LGTBIQ+ pertsonen diskriminazio egoeren behatokia ere egingo ditugu.
Gobernantza feminista izango dugu ardatz, Feminismoaren zeharkakotasuna eta genero ikuspegia txertatuz alor guztietan: fiskalitatea, aurrekontuak, hirigintza, kultura, kirola, festak... Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeari dagokionez, bere funtzionamenduan laguntzeko behar diren baliabideak eskainiko ditugu.
Amesten dugun Tolosa egi bihurtzeko ditugun ideien zertzelada bat besterik ez da hau. Aipatu gabe utzi ditudan beste hainbat proposamen programan jasoak daude eta egun hauetan etxean jasoko dituzuen aldizkarietan azalduko den QR kodearen bidez zein sare sozialetan izango dituzue eskuragarri. Hau da Tolosa gobernatzeko dugun plana, eta hau, Tolosarrekin eta tolosarrentzat egingo dugu.
Maite duzun, maite dugun, Tolosa elkarrekin eraikiko dugu!