Proposamena hiru alderdien aldeko bozkarekin aurrera atera bazen ere, Andu Martinez de Rituerto Arregi EH Bilduko bozeramaileak, hitzarmen honekin Tolosako Udaltzaingoa herrian errotutakoa, eta bere jardunaren oinarri nagusiak prebentzio lana eta herritarrei laguntza eskaintzea izan ordez, Ertzaintzaren polizia eredua ezarriko denaren kezka azaldu zuen.
Erretengibel udal sozietatea desegite aldera, honen aktibo eta pasiboak udalari lagatzea ere onartu zen aho batez.
A25 Emakumeen aurkako biolentzia desagerrarazteko egunaren harira, hiru alderdiek bat egin zuten aurkeztutako mozioarekin. Olatz Artola Apeztegia EH Bilduko zinegotziak baina, "herriko emakumeekin, norbanako nahiz elkarte, eragile eta mugimendu feministarekin" saretzeko beharra azpimarratu zuen. Eta udal gobernuari konpromisoak politika publiko feministetan islatzea eskatu zion: Emakumeen Etxea epeetan garatuz eta aurrekontuan murrizketarik ez egitea eskatuz, besteak beste.
Euskararen egunaren gertutasuna dela eta, adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzak. Honen inguruan, Garbiñe Marzol Ormazabal EH Bilduko zinegotziak, pandemiak, beste hainbat sektore bezala, hiztun elkarteei ere gogor jo diela salatu zuen, eta helburutzat jarri zuen geroz eta handiagoa den euskararen ezagutza honen erabileraren igoeran isladatu dadila.
Mendebaldeko Sahararen aferari dagokionez, PSEko Joxe Mari Villanuevak bere mozioa erretiratu ostean, EH Bilduk eta EAJ-PNVk adostutakoak egin zuen aurrera, azken hauen aldeko bozkarekin eta PSEren abstentzioarekin. EH Bilduko Xabier Martinez Quinquillak, pena azaldu zuen mozioa adostasunez aurrera atera ez zelako, eta beharrezkotzat jo zuen "Marokori okupazio ilegal honekin amaitzeko eskatzea eta Espainiako gobernuari bere ardurak har ditzala exijitzea. Desmond Tuturen hitzak gogora ekarriz, bidegabekeria baten aurrean neutral agertzen bazara, zapaltzailea babestea erabaki duzu".
Azkenik, Ander Figuerido Zubiriak, Tolosako Udaleko langileek pandemia garai honetan telelana egiteko araudia lehenbailehen osatzeko galdegin zuen beste behin, konfinamenduak eta zaintza beharrak lanarekin uztartzeko azkartasun eta malgutasunez jokatzeko eskatuz. Bestalde, ostalaritzaren itxierak ageriagoan utzi duen komun publikoen falta eta udal gobernuak behin behinean bada ere gehiago jartzearen aurkako jarrera salatu zuen. “Tolosarrek eta bertako kaleetan dabiltzan langileek helarazitako kezka izanik eta udal gobernuaren erantzuna ikusita, badirudi herri desberdinetan bizi garela” deitoratu zuen.