Guztion bizi baldintzak hobetzeko, eta sistema neoliberalak ezarri nahi digun prekarizazioari aurre egiteko, azken urteotan denboran mantentzen ari diren mobilizazio sozial handiak egiten ari dira Euskal Herrian: mugimendu feminista, gazte mugimendua, hainbat langile kolektibo, Korrika, errefuxiatuen aldeko dinamikak, klima aldaketari aurre egiteko mobilizazioak, pentsiodunak.. Azken hauek, azken bi urteotan, astero kaleak betetzen aritu dira pentsio eta lan duina aldarrikatzeko.
Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte hartzaile baten bidez. Geroztik, eskubide horien aldeko ekintzak antolatu ditu. Eskubide Sozialen Karta sinatzen dute pentsiodunek, mugimendu feminista, euskal sindikatuek, talde ekologistek eta, oro har, bizitza duinen aldeko borrokan dihardugun hainbat mugimenduk. Orain, Greba Orokorrerako deia ere egin dute Eskubide Sozialen Kartako kideek prentsiodunekin batera urtarrilaren 30erako. EH Bilduk ere bat egiten du aldarri horrekin; eta, horregatik, Tolosako EH Bilduko kideok greba egingo dugu urtarrilaren 30ean.
Greba, duintasuna arrakala guztietan eman dadin
Grebaren hiru aldarri nagusietan azpimarra jarri nahi dugu: lan duina, pentsio duinak eta bizitza duina. Pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena. Lan baldintza duinen eta eskubide sozialen borrokarekin ere bat egiten dugu. Finean, bestelako eredu sozial eta produktiboa eraiki behar dugulakoan gaude, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emateko.
Ezarriak dituen ardatz nagusiekin bat egiten dugu, alegia: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka zein jendartearen beharren araberako antolakuntza (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea...).
Tolosa ere herri duinagoa izan dadin
Tolosa, eta oro har Euskal Herri, duinago bat izateko eman genuen udaletxera sartzeko pausoa joan den maiatzean. Eta hori ardatz hartuta dihardugu Udaletik lanean, Tolosa justuagoa, berdinzaleagoa eta bizigarriagoa izateko helburuarekin. Eta, hori lortzeko, udalgintza herrigilea behar-beharrezkoa dela uste dugu. Herrigintzan horregatik gabiltza, herritik, herritarrekin eta herritarrentzat lan egiteko; Tolosa duinagoa izateko.
Horrez gain, aldarrikapen hori gauzatzeko, erabakitzeko eskubidea eskuratzea, instituzioetatik bestelako politika publikoak egitea eta patronala horretara behartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Hainbatetan aipatu dugun moduan, Tolosako EH Bilduko kideok politika egiteko bestelako era horretan jartzen dugu fokua.
Bide horretan aurrerapausoak emateko geltoki bat da osteguneko greba, urtarrilaren 30ekoa. Greba bost eremutan egingo da eta egingo dugu: enpleguan, zaintzan, pentsiodunen eta ikasleen greban, eta kontsumoan. Eremu horietan guztietan egingo dugu planto. Horrexegatik, besteak beste, plenoa egunez aldatzea eskatu dugu eta ez da ostegun honetan izango, baizik eta ostiralean, hilaren 31n.