Orain arte, aurrekontu proposamena abenduaren hasieran aurkeztea zen ohikoa Tolosako Udalean, azken legealdian bai behintzat. Horri esker, Udala osatzen duten talde guztiek zein herritarrek, Udal gobernuaren proposamena ongi aztertu eta ekarpenak egin ahal izatea bermatzen zen. Aldi berean, udalak aurrekontu osatuagoak aurkezten zituen, herritarrontzat onuragarriagoak izatea lortuz.
Aurtengoan, aldiz, Udal gobernuaren jarrera bestelakoa da. Abendua aurrera doa eta udala osatzen dugun gainerako taldeek ez daukagu gobernuak datorren urterako proposatu nahi dituen proiektu eta egitasmoen berri; ez dakigu zenbateko dirusarrerak aurreikusten diren ere. Abenduaren 13an, ez dugu inolako informaziorik.
Iaz, udal gobernuak aurrekontuak aurkeztu zituenean, “trantsiziozkoak” bezala izendatu zituen. Aurrekontuek udalaren kudeaketan duten garrantziaz jakitun, proiektu eta ekimen ezberdinak gaineratzea proposatu genien EH Bildutik. Tamalez, Udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek, ordea, EH Bilduren proposamen bat bera ere ez zuen onartu. Eta horrelaxe igaro dugu urtea, trantsiziozko aurrekontuak oinarri, inprobisazioz jositako urtea izan da azken hau.
Hori gutxi balitz, 2017. urtea bide okerretik hasiko dugula dirudi, ez baitugu ulertzen zein den aurrekontuak oraindik ez aurkeztearen arrazoia. Bi arrazoi zein baino zein larriagoak egon daitezkeela uste du EH Bilduk. Bata, udal gobernuak oraindik aurrekontuak itxi gabe izatea eta bestea, aurrekontuak eginak izan arren, informazioa ezkutatu nahi izatea. Edozein kasutan, egoera hau onartezina da. Tolosarentzat modu egokian lan egin ahal izateko, ezinbestekoa da udal aurrekontu osatu bat guztion artean egitea, eta hori lantzeko aukera eta denbora izatea, noski.
Gauzak horrela, zaila egiten zaigu EH Bilduk herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko dituen proiektuak aurrekontu egitasmoetan txertatzea. Guztiona den Tolosan, guztion artean hobetu eta eraiki behar dugu herria. Beraz, udal gobernuari 2017ko aurrekontuak ahalik eta lasterren aurkeztu ditzan eskatzeaz gain, elkarlanerako gure jarrera adierazi nahi diogu.