Azkeneko Gardentasun eta Parte Hartze batzordean proiektua hasi aurretik herritarren aurrean aurkeztu zezatela lortu genuen EH Bilduko zinegotziek, bi orduko eztabaida luzearen ondoren. Behintzat, guztiona den herriaren inguruko hausnarketaren aurkezpena herritar guztien aurrean egitea onartu zuen udal gobernuak.
Asteartean, ordea, hilabete pasa ostean batzordea izan da eta gure harridurarako, proiektuaren gidaritza emateko kontratatu beharreko enpresaren baldintza pleguak onartuak eta enpresei bidaliak ekarri ditu udal gobernuak. Hau da, onartuak izan direla jakinarazteko soilik ekarri dituzte pleguak Gardentasun eta Parte Hartze batzordera. Ironiko xamarra, batzordearen izena baztertzen duen ekintzarekin egiten baitute aurrera.
Hasteko, 59.500 euroko zerbitzu baten kontratazioaren esleipena publizitaterik gabeko prozedura negoziatu gisa egitea nahiko traketsa eta iluna da. Horrela, zerbitzuaren kontratazioa enpresa zehatz batzuei egiten zaie, proposamenak horiei bakarrik eskatuz. Honek erabat mugatzen du bestelakoren batek proiektuan parte hartzeko aukera. Bestetik, enpresei bidalitako dokumentazioa eta batzordekideei bidalitakoa ez da berdina, hau da, oposizioko udal taldeok oraindik ez dugu eskutan ere izan enpresei bidalitakoa.
Hasieratik iruditu zaigu udal gobernua korrika eta presaka egin nahian dabilela etorkizuneko ikuspegi elkarbanatuaren proiektua. Beti iruditu zaigu sakontasun honetako lanketetarako beharrezkoa den denbora hartu behar dela. Gauzak landu eta garatzeko denbora eskatu izan dugun arren, beti aurrera egin dute.
Baina asteartekoa, jada, errespetu falta handia izan da tolosarrekiko, eta batez ere parte hartzeari eta gardentasunari dagokionean. Parte hartzeak konsentsua, elkar entzutea eta adostasuna eskatzen ditu eta gardentasunak erabakien eta proposamenen gaineko argitasuna. Azken batzordean ez da bata, ez bestea bete, eta argi erakutsi digu udal gobernu honek parte hartzea eta gardentasuna marka moduan erabili nahi dituela, sakontasunik gabe, herritarren eta udal oposizioko taldeen hitzari eta iritziei bizkarra emanez.
Baina, azken jarrera hau hasieratik datorren egiteko modu baten erakusle da. Izan ere, udal gobernu honek, lehen egunetik alboratu egin ditu aurrez, joan den legealtik, urtez urte gauzatzen ari ziren parte hartze prozesuak. Horrela, iaz aurrekontu parte hartzaileetan herritarrekiko harturiko konpromisoak ez zituen bete, ezta auzo mantenu plana ere, zein haren bidez, auzoz auzo egin beharreko obra txikiak auzotarrekin adostu ziren, aurrekontu parte hartzaileak bezalaxe. Asteartekoa beraz, parte hartzeaz udal gobernuak duen jarrera plazaratzeko erakusgarri izan zen.
Ez gaude prest horrela lan egiteko. Itzalpean arrabola pasa nahi badute, ez ditzatela parte hartzea eta gardentasuna bezalako hitzak erabili guztion aurrean. Slogan moduan beharrean, udal gobernuak parte hartzea eta gardentasuna praktikan jartzea nahi dugu.