Ikur inposatuen aurkako ekitaldia Anoetan

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Anoeta 2019ko apirilaren 15a

Espainiako errepublikaren egunean, euskal errepublikaren aldarriarekin erantzun dute anoetarrek.

100 lagun inguru bildu dira igande eguerdiz egindako ekitaldian, herri sarreran. Pello Estanga alkateak hartu du aurrena hitza: "Legez behartuta, Espainiako bandera jarrarazi digute udaletxeko balkoian. Guk, hemen, zera erantzun nahi diegu: Anoetan ez dugula ikur inposaturik nahi, bandera horrek ez diola anoetarren gehiengoaren nahiei erantzuten. Ikurrina da gure bandera bakarra".

Halaxe, ikurrina handia jarri dute herri sarreran, eta baita idatzi bat ere haren azpian. Txalapartari, dantzari eta abeslariek borobildu dute ekitaldia. Saioa Tolosa EH Bilduko hautagaiaren hitzetan, "apirilaren 28a da gure erabakiaren alde egiteko eguna: galiziarrek, kataluniarrek eta euskaldunok, denok batera, ozen esango dugu gu errepubliken alde gaudela, pluralean. EH Bilduren bozka da errepubliken aldeko bozka".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!