Loiuko operatiboaren arduradunak kargutik kentzea exijitzen dugu, inpunitateak ezin duelako irabazi

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2026ko maiatzaren 28a

Gure ustez, Ertzaintzak Loiuko airteportuan erakutsi zuen jarrera bortitza, ulertezina eta lotsagarria da, eta mundu guztiak ikusi ahal izan du.

Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritarrei pasa den larunbatean Loiuko aireportuan antolaturiko harreran Ertzaintzak erakutsi zuen “jarrera ulertezina, bortitza eta lotsagarria” mundu guztiak ikusi eta gero, EH Bilduk operatiboaren arduradunak kargutik kentzeko exijitu zion Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari, gertakari horien inguruko azalpenak emateko Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Aintzat hartzen dugu sailburuak ardura osoa bere gain hartzea, baina jarraian, Ertzaintzaren bortizkeria nola edo hala justifikatu nahian, ustezko probokazioak aipatu izana leporatzen diogu, hemen ez dagoelako neutrala edo anbiguoa izaterik. Hori horrela, EH Bildutik ondorioak exijitzen ditugu. Ez du balio hitz handitan geratzea, neurri zehatzak nahi ditugu. Ertzaintzaren jarrera bortitzaren erantzukizuna lehen pertsonan bere gain hartzeak ondorio argiak, sendoak eta premiazkoak izan behar ditu: operatiboaren arduradunak lan horretatik kendu behar dira, eta premiaz egin behar da, inpunitateak ez duela berriro irabazten erakusteko. Izan ere, Ertzaintzaren sektore batzuen kontrolik ezaren sentsazioa geroz eta agerikoagoa eta kezkagarriagoa da.

Alde horretatik, EH Bilduk polizia ereduari buruzko eztabaida behar-beharrezkoa dela berresten du. Arazo bat dugu polizia ereduarekin, eta arazoa ukatzen jarraitzeak arazoa elikatzen bakarrik laguntzen du. Lakuako agintariek aitortu behar dute Ertzaintzaren barruan sektore jakin batzuekin oso arazo larria dugula, ez Ertzaintza osoarekin. EAJk negazionismo horretatik irten behar du eta polizia eredu honekin dugun arazoa konpontzeko fasera pasatu. Mundu guztiak ikusi du arazo bat dugula, eta arazoa dagoela onartu ondoren igaro ahalko gara konpontzeko fasera. EH Bildu parte aktiboa izango da fase horretan”.

Loiuko aireportuan lau haizetara zabaldu diren irudien ostean Ertzaintzaren irudia oso kaltetuta eta oso zikinduta atera da, eta jakin badakigu ertzain asko lotsatuta daudela Loiun gertatu zenarekin. Irudi horiek erakusten dute Ertzaintza bat herri honetako errealitatetik eta iritzi publikotik guztiz aldenduta dagoena. Agerian geratu da arazo bat dugula gaurko eredu polizialarekin, ez Ertzaintzarekin bere osotasunean, baizik eta Ertzaintzaren barruan erabat kontrolik gabe dauden sektoreekin. Horregatik eskatzen dugu polizia ereduaren eztabaida premiaz irekitzeko.

Loiuko operatiboaren inguruko argibideak eskatzeaz gain, EH Bildutik elkartasuna helarazi nahi diegu Ertzaintzaren jardunaren biktima izan ziren guztiei, Global Sumud Flotillako kideei batez ere, Israelgo estatu genozidaren bortizkeria pairatu eta gero Ertzaintzaren jarrera ulertezin, bortitz eta lotsagarriarekin topo egin zutelako. Haiek izan ziren, lehenik eta behin, kaltetuak, baina, bigarrenik, Euskal Herria bera izan da kaltetua, munduari proiektatu diogun irudia lotsagarria izan delako. Nahiz eta euskal gizarteak Palestinako herriaren genozidioa erabat arbuiatu, munduari beste mezu bat bidali diogu, palestinarrak defendatzen dituztenen aurrean hemengo Gobernuak eta Israelgoak berdin jokatzen dutela, alegia.

Operatiboaren arduradunek eta bertan jardun ziren agenteek kalte ikaragarria egin diote Ertzaintzari berari, beren kode deontologikoa urratzeaz gain.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!