Euskara biziberritzeko hizkuntza politika berri baten alde, larunbatean Bilboko mobilizazioan izango gara

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2026ko maiatzaren 8a

EH Bilduk bat egiten dugu euskal gehiengo sindikalak larunbat honetan 17:30ean Bilboko Jesusen Bihotzatik egingo duen mobilizazioarekin, eta dei egiten die herritarrei eta eragile sozial eta politiko guztiei mobilizazioarekin bat egin dezaten.

Guretzat, euskara biziberritzea ez da helburu isolatua; aspalditik mantentzen dugun konpromiso irmoa da, gure komunitatearekin, euskalgintzaren eremuko eragileekin eta gure hizkuntza nazionalak jauzi kualitatiboa eman behar duela uste duten milaka herritarrekin eskuz esku lan eginez. Ildo horretan, joan den astelehenean hizkuntza politika berri baterako gure proposamena aurkeztu genuen, hainbat hilabeteko prozesu parte-hartzailearen emaitza.

Premiazkotzat jotzen dugu euskara eta gure hizkuntza eskubideak babestea bizitzen ari garen ofentsiba euskarafobo juridiko, politiko eta mediatikoaren aurrean. Testuinguru horretan kokatzen dugu Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko egin dugun ahalegina. Uste dugu beharrezkoa dela egiazko berdintasun juridikoa lortzea euskararen eta gaztelaniaren artean, bai eta gure eskubideen berme eraginkorra ere, betiere modu pragmatikoan eta enpatiaz jokatuz gure hizkuntzaren partaide egin behar ditugun pertsona guztiekiko.

Ziur gaude posible dela ofentsiba honi aurre egitea eta euskara biziberrituko duen politika berri bat martxan jartzea. Horretarako, elkarrizketa eta negoziazioa ezinbesteko tresnak dira. Horrekin batera, aldarrikapena ere behar dugu kaleetan, gure eskubideak ahots propioz eta indarrez defendatzeko. Euskarak eta Enplegu Publikoaren Legeak ahalik eta akordio eta adostasun zabalenak behar dituzte; horregatik, mugimendu politiko gisa dagokigun erantzukizunetik, Legebiltzarraren lanean sakontzeko eta herri honen itxaropenen mailan egoteko konpromisoa berresten dugu.

Euskararen estatus juridikoan urrats sendoak emateko eta eskubide berdintasunean aurrera egiteko unea da orain. Horregatik guztiagatik, larunbat honetan Bilboko kaleak betetzera animatzen zaituztegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!