Atharratzetik Bilbora, Euskal Herria bere osotasunean gurutzatuko duen ekimenak gure nazioaren mapa marraztu eta aldarrikatuko du: euskara gara.
Euskarak ezinbestean behar du Korrika, Euskal Herriak euskara behar duen bezala. Gure hizkuntza nazionalaren aurkako oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoaren erdian, hurrengo hamar egunak aukera paregabea dira euskararen biziberritzeari bultzada emateko; aukera hori baliatzeko deia egiten du EH Bilduk.
Testuinguru honetan, euskararen eta hizkuntza-politika berri baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du EH Bilduk. Euskarak elkarguneak eta ekimen herritarrak behar ditu —Korrika, kasu—, baita herri honen etorkizunerako ezinbestekoak diren herri akordioak ere.
Ildo horretan, ezkerreko subiranismoak, dagokion erantzukizunetik, kontsentsuak bilatzen jarraitzeko hitza ematen du: oldarraldiaren aurrean, berdintasunezko estatus juridiko berria erdiesteko, euskara ikastea irisgarria egiteko eta euskarak behar duen indarberritze aro berri bat irekitzeko.
Berdintasunean eta eskubide osoz, plaza guztietan euskaraz bizitzeko.
Amasa-Villabonatik astelehenean
Korrika datorren martxoaren 23an gaueko 23:40ak inguruan igaroko da gure herritik eta Amasa-Villabonako EH Bilduk ere lekukoa hartuko du, dagokion kilometroa erosi ondoren. Zehazki Larrea eta Arroa auzoen arteko biribilgunean hartuko dugu lekukoa eta beti bezala ohore handia izango da guretzat euskararen aldeko ekimen erraldoi honen lekukoa une batez gure eskuetan edukitzea.
Amasa-Villabonako Korrika batzordeak egun osoko egitaraua antolatu du, herriko haur eta gaztetxoen Korrika txikia, merienda, erraldoi eta buruhandiak, elektrotxaranga ibiltaria eta barrikotea Berdura plazan. EH Bildutik ekintza guzti hauetan parte hartzeko deia egiten diegu herritar guztiei.
Animatu eta parte hartu!