Pertsona migratzaileen nazioarteko eguna. EH Bilduren adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2025eko abenduaren 19a

Abenduaren 18a pertsona migratzaileen nazioarteko eguna da eta EH Bilduk adierazpena kaleratu du Euskal Herri osorako.

Pertsona migratzaileen nazioarteko egunean, funtsezkoa da gogoratzea migrazioa giza eskubide bat dela, gizateriaren historiari atxikia. Historikoki, nazioarteko migrazio-fluxu handiak izan dira, eta horiek funtsezkoak izan dira gaur egun bizi garen gizarteak eraikitzeko. Gizarteak ez dira ulertzen migrazio-prozesurik gabe.

Gogora dezagun, gainera, ofizialki aitortutako eskubide horrek, bide seguru eta legalen bidez migratzeko pertsona guztiek duten eskubide horrek, beren jatorrizko lekuetan modu aske eta duinean bizitzeko eskubidearen defentsa ere badakarrela. Eta kasu honetan, bi eskubideak sistematikoki urratzen dira.

EH Bilduk berretsi egin du pertsona migratzaileen eskubideekiko konpromisoa, bizitza duin baten bila jatorrizko herrialdeak alde batera utzi zituztenena. Politika neokolonialek eta espoliazioak eragindako nahitaezko desplazamendua. Beren baldintza sozial eta materialak hobetzeko itxaropenarekin migratzen duten pertsonak, gehienetan intolerantziaren, diskriminazioaren, esplotazioaren eta arrazismo instituzionalaren harresiarekin topo egiten dutenak.

Gaur inoiz baino gehiago, herri gisa ditugun eskubideak aldarrikatzen ditugu, beste instantzia batzuen mende ez egoteko, migratzaileekiko giza eskubideak betetzen direla zainduko duen lege-esparru duin bat izateko politika publikoak praktikan jartzerakoan. Bitartean, lanean jarraitzen dugu erakundeetatik eta herri-mobilizazioekin batera, gaur egun Estatu espainiarrean indarrean dagoen Atzerritartasun Legea bertan behera gera dadin, lege arrazista eta eskubideen urratzailea delako, Kongresuan geldituta dagoen erregularizazioko LEPak biztanleria migratzailearen erregularizazio masiboa eman dezan, eta, batez ere, Euskal Herria harrerako lurraldea izan dadin, harrera integrala sortuko duten politika publiko bermatzaileekin, non zerbitzu publikoak, euskararen ikaskuntza eta elkarrekiko aitorpena bermatuta egongo diren.

Kolektibo ahulenak seinalatzen eta kriminalizatzen dituen olatu erreakzionario horren aurrean, desberdinen arteko artikulazioaren alde egiten jarraitzen dugu, gure herrialdearen zati batean landu eta sinatutako Migraziorako Euskal Itun Sozialean hasitako bidearen alde. Funtsezkoa da printzipio horiek blindatzea eta itun hau garatzea hura sinatu duten erakunde politiko eta sozial guztien parte-hartzearekin, migratzaileek arrazakeriaren eta intolerantziaren aurrean dituzten eskubideak blindatzeko.

EH Bilduk kultur-aniztasuna kudeatzeko eredu demokratiko propioa, integrala, parte hartzailea, komunitarioa, inklusiboa eta arrazakeriaren aurkakoa bultzatzen jarraituko du. Gure gizartea kohesionatzeko eta kulturen arteko bizikidetza artikulatzeko eredu bat, gure herrian dauden jatorri eta kultura guztiak elkar ezagutuz eta aitortuz. Euskal eredu subiranista migrazio eta kultur aniztasuneko politiketarako, guztion artean herri hobea eraikitzeko, gure jatorria edozein dela ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!