Asteazkenean Amasa-Villabonako Etxebizitza Planaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2025eko maiatzaren 12a

Amasa-Villabonako EH Bilduk Udalera eramango duen Etxebizitza Plana herritarrei publikoki aurkeztuko die asteazken honetan, maiatzak 14, 19:00etan Gurea antzokiko erakusketa gelan.

EH Bilduko kideok ondo dakigu une honetan etxebizitzaren arazoa herritar askoren kezka-iturri nagusiena edo nagusienetakoa dela eta Udal Gobernutik Etxebizitza Plan anbiziotsu eta eraginkorra martxan jartzeko hautua egin dugu. 

Helburua argia da; etxebizitzaren merkatuan eragitea, gure herrian etxebizitza duina izatea benetako eskubidea izan dadin. Zentzu horretan ezin dugu onartu, besteak beste, etxebizitza eskuratzea ia ezinezkoa suertatzen den honetan, Amasa-Villabonan 250 etxebizitza inguru hutsik egotea eta alokairuen prezio izugarriak bere horretan mantentzea. 

Ondorioz, Etxebizitza Plan honen bidez Udalak dituen eskuduntza eta eragiteko tresna guztiak erabili nahi ditugu, etxebizitza merkatuaren egoera irauli eta etxebizitza duinen eskaintza zabala izan dezagun gure herritik alde egin behar izanik gabe. Bereziki garrantzitsua da herriko gazteak herrian bertan emanzipatzeko aukera izatea eta une honetan hori ia ezinezkoa da, gure herriaren etorkizuna guztiz baldintzatuta geratzen delarik.

Hilabeteetako lan zorrotz eta mardularen ondoren osatu dugun Etxebizitza Plan honek, herriko egoeraren diagnosi bat, lortu nahi diren helburuen sailkapen bat eta guztira 11 ekimen zehatz dituen Ekintza-Plan bat jasotzen ditu bere baitan.

Amasa-Villlabonako EH Bilduk plan hau garatu eta bertan biltzen diren ekimen guztiak martxan jartzeko konpromisio argia hartzen du publikoki.

Amaitzeko, asteazken honetan 19:00etan Gurea antzokiko erakusketa gelan egingo dugun aurkezpen publikoan parte harzteko deia egiten diegu interesa duten herritar guztiei.

Etxebizitzarekin ez da jolasten.
Etxebizitza eskubidea da!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!