Herri Batzar berezi honen helburua, Aiztondoko herrietan EH Bilduk egingo duen III. Kongresuko prozesuari ekitea izango da. EH Bilduko mahai politikoak dagoeneko argitaratu du Kongresurako oinarrizko ponentzia eta ponentzia horri zuzenketa edo ekarpenak egiteko epea zabalik dago. Oinarriko ponentziak bi gai nagusi jorratzen ditu: EH Bilduren ildo politiko orokorra eta Antolaketa eta Funtzionamendua.
Ildo politikoaren baitan, besteak beste egungo egoeraren azterketa, EH Bilduren helburu nagusien definizioa eta programa politikoaren zehaztapenak jasotzen dira ponentzian. Antolaketa eta funtzionamenduari dagokionez berriz, erronka nagusiak, funtzionamenduaren ezaugarritzeak eta zuzendaritza-egituren egokitzapenak barnebiltzen ditu oinarrizko ponentziak.
Herri Batzarreko hizlari nagusia Ander Goikoetxea Amasa-Villabonako EH Bilduko kidea eta Gasteizko parlamentuko legebiltzarkidea izango da. Berak aurkeztuko ditu EH Bilduren III. Kongresuaren baitan garatuko den prozesuaren ezaugarri nagusiak eta oinarrizko ponentziaren puntu adierazgarrienak.
EH Bilduk publikoki jakinarazi duenez, III. Kongresu honetan oinarrizko ponentzia landu eta adosteaz gain, nazio mailako eta hego Euskal Herriko lau herrialdeetako ordezkariak aukeratuko dira, baina une honetan oraindik ez gara fase horretara heldu.
Amasa-Villabonako EH Bildutik, Herri Batzar honetan parte hartzeko deia egiten diegu interesa duten herritar guztiei.
ZUTUNIK.
Utopian gara aske!