Ikasturte berri honetan, egitasmo garrantzitsu eta ilusionagarriei helduko die Amasa-Villabonako udal gobernu taldeak; besteak beste, Olaederrako kirol kantxaren eraberritze integralari amaiera ematea, Txermingo aparkaleku handia eraberritu eta berrantolatzea, Etxebizitza Plana aurkeztu eta lehen neurriak hartzea, gure herriak behar duen etorkizuneko hezkuntza eredua definitzea, HAPOaren berrikuspena gauzatzea, Udal Liburutegiaren eraberritze eta handitzea, herriko zaintzaren analisia egin eta zaintza eredu publiko-komunitarioa eraikitzeko urratsak ematea, 2025. urteko udal aurrekontua osatu eta onartzea, Txermin auzoaren berrurbanizazio, eraberritze eta biziberritzeari bide ematea, Irisgarritasun Plana garatzea, udal langileen egonkortze prozesua bururaino eramatea...
Aipatutakoak ez dira erronka makalak, eta lan eskerga egin beharko da guzti horiek (eta askoz gehiago) errealitate bilaka daitezen. Hala ere, ziur gaude egon daitezkeen oztopo guztiak gainditu eta ikasturte honetan aurrera urrats handi eta sendoak emango ditugula sail guztietan. Horretarako, Udalaren barne antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko neurriak ere hartuko ditu Udal gobernuak, aurreko legealdian hasitako barne prozesua bururaino eramanez. Duela hilabete batzuk, Udalaren jarduera eraginkortzeko eta Udalak herritarrei eskaintzen dien zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko, beharrezkotzat jo genuen Udalaren barne egituraketa, funtzionamendua eta sailen arteko koordinazioa hobetzeko prozesu bat garatzea, eta prozesu horretan definitutako neurriak hartzea. Horretan ari gara eta ziur gaude emaitza positiboa lortuko dugula.
Gure udal gobernu taldea %100ean herritarren zerbitzura dago, alkatetzako ateak parez pare zabalik ditugu egunero eta herritarrei kalitatezko arreta eta zerbitzuak eskaintzea beti izango da lehentasunezkoa guretzat. Horregatik neurri ausartak eta eraginkorrak hartzeko prest gaude, gure bizilagunen ongizatea helburu. Guztiei entzun eta erantzutea, eta maite dugun herri honen alde gogor lan egitea dira gure ikurrak eta ez dugu horretan hutsik egingo.
Zeregin guzti horietan udal-taldeko zinegotziak ez daude bakarrik, zorionez Amasa-Villabonako EH Bilduren komunitatea oso zabala da eta asko dira alor ezberdinetan laguntzeko prest dauden bilkide eta lagunak. Gure komunitatearen babes eta bultzada horrek EH Bilduren gaitasuna biderkatzen du eta horrela askoz ere errazagoa da udal politika eraginkor eta eraldatzailea garatzea, beti betaurreko feministak jantzita eta justizia soziala ipar.
Herritar guztiei ikasturte berri oparo eta zoriontsua opa dizuegu.
Animo, eta aurrera!