Azkenean heldu dira horrenbeste itxoindako Villabonako Santio jaiak eta EH Bilduko komunitatea osatzen dugun herritarrak festan murgiltzeko eta egitarauan dauden ekintzetan parte hartzeko desiatzen gaude.
Garrantzitsua iruditzen zaigu gure herriko jaiek duten izaera herrikoi eta parte hartzailea azpimarratzea. Izan ere, Santio Jai Batzordean parte hartuz, asko dira jaietako egitaraua osatzerakoan beren ekarpena egiten duten herritar norbanakoak, taldeak eta eragileak. Zorionez, Villabonako jaien egitaraua eta xehetasun nagusiak batzorde ireki eta parte hartzaile horretan erabakitzen dira, eta ez udaletxeko bulego batean. Horrek esanahi handia dauka, jaiak herriak berak definitzen dituelako, gure jaiak herritik eta herriarentzat eginda daudelako. EH Bilduren izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu jaietan ekintzak antolatzen dituzten pertsona, talde eta elkarteei, eta baita ekintza horiek aurrera atera daitezen musutruk lanean aritzen diren herritar guzti horiei ere. Zuen ekarpenik gabe, Villabonako Santioak ez lirateke ezertxo ere izango. Aupa zuek!
Aipatu nahi dugun beste elementu bat, indarkeria edo eraso matxistei aurre egiteko, mugimendu feministak eta Udalak erakutsi duten lankidetza eredugarria da. Berdintasunean Ados! mahai ireki eta parte hartzailearen bidez, herriko talde feministetako kideak eta Udal ordezkariak Protokolo potente bat osatu dute elkarlanean, indarkeria matxista behingoz gure kaleetatik desagertzeko eta kasuren bat gertatuko balitz, beharrezkoa den irmotasunarekin erantzun ahal izateko. Protokolo honekin besteak beste, puntu morea, 24 orduko telefono zerbitzua eta besoko morea duten boluntario feministen laguntza antolatu dira. Eskerrak eman nahi dizkiegu lan horretan aritu diren herriko feminista guztiei eta denok espero dugu protokoloa aktibatu behar ez izatea. Ea behingoz, aurtengoak erasorik gabeko jai guztiz aske eta seguruak izaten diren guztiontzat.
Bukatzeko, jai hauetan herri mugimenduak egiten duen erakustaldi ederra goraipatu nahi dugu. Ezker abertzaleak, presoen aldeko mugimenduak, Onddo gazte asanbladak, Ernaik, Xuhar herri plataformak, Fleming herri eskolako komunitateak eta beste hainbat eragiletako militanteek, kideek eta inguruko laguntzaile boluntarioek sekulako lana egiten dute herri mugimenduari auspo sozial eta ekonomikoa emateko; txoznak montatzen, txandak egiten, jantokian sukaldean edo zerbitzatzen, Gaztetxeko barran lanean, garbiketa lanak egiten, kaleetan propaganda jartzen... aritzen diren guzti horiei ere, eskerrik asko! Zuek zarete herri honetako arima! Jaietan ere, urte osoan bezalaxe, aldarrikapena eta borroka ezinbestekoak baitira.
Gora Santiyuak! Gora herri jaiak!!!