Fronte Herritar berriak irabazi du Ipar Euskal Herrian eta Peio Dufau EH Baiko abertzalea Parisko asanbladan izango da

Uztailaren 7an egin ziren Frantziako Asanblada Nazionalerako hauteskundeen bigarren itzulian, Ipar Euskal Herriak bere 3 hautesbarrutietan Fronte Herritar Berriko ordezkariak hautatu zituen, Iñaki Echaniz, Colette Capdevielle eta Peio Dufau EH Baiko militante abertzalea. 

Euskal Herriarentzat albiste pozgarria da eta politikoki oso garrantzitsua izan da Peio Dufauren hautaketa. Diputatu euskalduna, abertzalea eta ezkertiarra izango du lehen aldiz ezker subiranismoak Parisen eta are Fronte Herritar Berriko hiru diputatuek Euskal Herriko lehentasunezko gaiak defendatzea adostu dute (Euskal Herrian duintasunez bizitzea, laborantza herrikoia, Euskara, Instituzionalizazioa eta bake prozesuaren aitzinatzea besteak beste).

Hauek ez dira emaitza isolatuak, hauteskunde ziklo honetan ezker independentismoak aurrerapauso nabarmenak eman baititu Euskal Herri osoan. Hego Euskal Herrian, udal, foru eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundetan, Estatuko Espainoleko hauteskundeetan, EAEko Legebiltzarrerako hauteskundetan eta Europar hauteskundetan eman genituen aurrerapausoak. Ipar Euskal Herrian, EH Baik udal eta departamentu hauteskundetan izandako igoera alde batetik eta Frantziako Asanblada Nazionalerako hauteskundeen bigarren itzulian izandako emaitza paregabeek, bestetik, frogatzen dute ezker independentismoaren gorakada eta beragan ezarritako konfiantza eta ardura.

Zoritxarrez, Europa luze zabalean ultra-eskuina indartzen ari da eta Estatu frantseseko hauteskundeek gure herriaren etorkizuna ere sakonki baldintzatu zezaketen. Zorionez, eta egindako lanari esker, Fronte Herritar Berria irabazle izan da, baina ezin dugu ahaztu milaka herritarrek babestu dutela eskuin muturra, baita Ipar Euskal Herrian ere.

Eskuin muturraren mehatxuaren aurrean, erantzun kolektibo eta aurrerakoien babesleku bilakatu da ezker independentista. Horretarako aliantzak josteko erakutsi dugun gaitasuna azpimarratu behar dugu eta argi dugu aurrerantzean ere lan horri heldu beharko diogula. Ezker independentistak, beti bezala, arduraz egingo dio aurre eskuin muturrari.

Peio Dufau Parisa eramatearekin hauteskunde zikloa indarrez beterik eta inoizko emaitzarik onenak ateraz amaitu du ezker independentismoak. Aldaketa politikoa egonkortzen ari da Euskal Herri luze zabalean, eta emaitzak horren erakusgarri dira. Guri dagokigu ziklo aldaketa hori ezaugarritu eta norabide egokian kokatzea, herritarren beharren aldekoa izan dadin eta zabaltzen den zikloak gure herriaren aitortza eta burujabetza ekarri ditzan.

Ikasturte politikoaren amaieran esan dezakegu ezker independentismoaren proiektu askatzaileak baldintza politiko eta sozial objektibo garrantzitsuak eta berriak kokatu dituela berau egikaritzeko, eta Euskal Herriaren nazio izaera eta aitortza da bere muinenan aurkitzen dena. Horrek, etorkizunari eta bertan topatuko ditugun erronkei beste aldarte batean aurre egiteko baldintzak eratorri dizkigu.

Hau da gure unea; hau da Euskal Herriaren unea!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!