EH Bilduko udal gobernu taldean legealdi berri honetarako udal antolaketari buruzko hausnarketa egin ondoren, hainbat proposamen jarri genituen mahai gainean, eta oposiozoko alderdiei (PNV eta PSEri) zuzenean jakinarazi genizkien bai idatziz eta baita aurrez aurre egindako bileretan ere.
Orokorrean 2019an aurreko legealdiaren hasieran egindako aldaketa nagusiak mantentzea erabaki dugu, izan ere, ez dugu pisuzko arrazoirik ikusten une honetan udalaren antolaketan aldaketa handiak egiteko. Duela lau urte martxan jarri genituen aldaketak (orduan bai aldaketa handiak izan zirela PNVk gidatutako aurreko udal gobernuak ezarritako antolaketarekin alderatuz) positiboki baloratzen ditugu eta ondorioz, ondo dagoena ez aldatzea iruditzen zaigu aproposena.
Beraz, esan dezakegu jarraipena eman diogula aurreko legealdian ezarri genuen antolaketa ereduari eta orduan hartutako erabaki nagusiei. Ezaugarri nagusiak aipatuko ditugu puntuz-puntu:
- Udalbatzaren osoko bilkuren maiztasuna eta ordutegia
Datozen lau urteetan osoko bilkurak hileko azken asteazkenetan arratsaldeko 19:00etan izango dira udaletxeko Batzar aretoan. Bilkura hauek ekitaldi publikoak direnez eta herritarren parte hartzea errazteko asmoz, arratsaldez egitea ikusten dugu egokien. Gainera arrazoi beragatik historikoki Amasa-Villabonan Udalbatzaren ohiko bilkurak beti egin izan dira iluntzetan.
PNV alderdiak ez zuen proposamena babestu, eta benetan ulergaitza egiten zaigu. Kontziliazio arrazoiak aipatu zituen PNVko bozeramaileak, baina ez dugu ulertzen zer adierazi nahi izan zuen horrekin. Gure susmoa da jeltzaleek nahiago dutela goizez (lan orduetan) etorri beraien herrietatik Amasa-Villabonara, lanean udalbatzara etortzeko baimena eskatuta. Horrela balitz, herritarrekiko begirune falta handia irudituko litzaiguke.
- Batzorde Informatzaileen osketa
Aurreko legealdiko Batorde Informatzaile berberak eratu eta osatu ditugu: Hirigintza, zerbitzuak eta Ingurumena / Gizarte Zerbitzuak, Aniztasuna, Adineko pertsonak eta Politika Feminista / Pertsonala eta barne araubidea / Euskara, Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirola / Ogasuna, Garapen ekonomikoa, Enplegua eta Merkataritza / Herritarren Parte Hartze Batzorde Berezia / Memoria eta Elkarbizitza Batzorde Berezia.
Batzorde hauetako bakoitzak modu egokian funtzionatu duela baloratzen dugu eta une honetan jarraipena ematea iruditzen zaigu egokiena. Uste dugu edonork ulertzekoa dela guk ezarritako batzorde horiek bere horretan mantentzea.
Batzordeen osaketari dagokionean ere, ez da aldaketarik izango eta udal gobernuak Udalbatzan duen gehiengo osoak islada izango du Batzorde Informatzaileetan ere: EH Bildu hiru ordezkari, PNV ordezkari bat eta PSEk ordezkari bat. Maiatzeko udal hauteskundeen emaitzak ikusita, normala iruditzen zaigu osaketa hau mantentzea. Ez litzateke normala izango, EH Bilduk duen gehiengoa ez isladatzea udaleko Batzordeetan. Gainera, 2019tik gure udaleko Batzorde Informatzaileek izaera irekia dute eta parte hartu nahi duen edonork aukera dauka horretarako.
Puntu honetan PNVk kontrako bozka eman zuen eta PSEko zinegotziak abstentziora jo zuen. Kasu honetan ere, zaila egiten zaigu jeltzaileen aurkako bozka ulertzea. Izan ere, PNV udal gobernuan izan zenean (2015-2019) oposioko alderdiek ordezkari bana izan genituen udal Batzordeetan, EH Bilduk orduan 6 zinegotzi zituelarik. Orain ordezkarien arteko desoreka dagoela aipatu zuen PNVko bozeramaileak kontrako bozka azaltzeko garaian, jeltzaleek 4 zinegotzi izanda, PSEk bakarrarekin duen ordezkari kopuru berbera izateagatik. Ados egon gaitezke osaketa hau ez dela guztiz proportzionala, baina PNVkoei koherentzia piska bat eskatzen diegu, orain kritikatzen duten gauza bera edo are larriagoa egin baitzuten aukera izan zutenean.
Kargu politikoen liberazioak, soldatak, asistentzia dietak eta alderdi politikoen finantziazioa
Gai hauetan ere, orokorrean aurreko legealdian egin genituen aldaketak bere horretan mantentzea erabaki dugu.
Kargu politikoen liberazioari dagokionez, pasa del legealdian bezalaxe, EH Bilduko udal-taldetik Beatriz Unzue Esnaola alkateak eta Xabat Laborde Etxabe lehen alkateordeak udalean lan egingo dute, jardunaldi osoan. Beraien soldatak orain arte edukitako berberak izango dira: alkateak urtean 41.023,22 euro gordin, eta alkateaordeak urtean 34.540,66 euro gordin. Biek 14 pagatan jasoko dute soldata hori. Gure ustez, honakoak soldata duinak dira eta Amasa-Villabonak dituen biztanle kopuruari egokituta daude.
Honekin batera, EAEko udal legeak ezartzen duena aplikatuz, oposizioko lehen indarra den PNV alderdiko zinegotzi batek %50eko lanaldiko liberazioa izango du datozen lau urteetan. Zehazki Eneko Urdangarin Eizagirre zinegotzia eta bozeramailea izango da jardunaldi erdiz udaleko lanetan arituko dena, udal gobernuaren jardunari behar bezalako jarraipena egin ahal izateko. EUDELek ezarritako irizpideak aplikatuz, Urdangarin jaunak urtean 15.543,29 euroko soldata izango du 14 pagatan.
Udaleko bilkura ofizialetan parte hartzeagatik liberatuta ez dauden zinegotziek jasoko dituzten asistentzia dietei dagokionez, Udalbatzan eta Batzorde Informatzaileetan parte hartzeagatik ezarrita zeuden ordainsariak bere horretan mantentzea proposatu genuen. Alegia, Udalbatzara joateagatik 90 euro eta Informazio Batzordeetan parte hartzeagatik 36 euro. Pasa den legealdiarekin alderatuta puntu honetan aldaketa aipagarri bat aplikatuko da; orain arte Tokiko Gobernu Batzarrean parte hartzen zuten zinegotzi ez-liberatuek 54 euroko ordainsaria izaten zuten eta legealdi honetan dieta hori ezabatu egingo da. Erabaki honen arrazoia sinplea da, Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ia beti udalbatzaren ondoren izaten dira eta iraupen laburra izaten dute (gehienez ere 15 minutu) ondorioz, soilik horregatik ordezkari politikoek beste 54 euro jasotzea gehiegizkoa dela iruditzen zaigu.
Talde politikoen funtzionamendua finantzatzeko Udalak egiten duen ekarpen ekonomikoari dagokionean ere, pasa den legealdiko kopuruak mantentzea erabaki dugu: udalean ordezkaritza duen alderdi bakoitzak hilean 226 euro jasoko ditu kuota gisa, eta beste 71 euro alderdi horrek udalbatzan duen zinegotzi bakoitzeko. Aipatu behar dugu PSEko zinegotziak udal gobernuari helarazitako proposamen bakarrean, kopuru hauek nabarmen igotzea eskatzen zela, baina gure ustez Amasa-Villabonako udalak duen gaitasun ekonomikoari begiratuta, kopuru egokiak dira eta horregatik bere horretan mantentzea erabaki dugu.
Puntu honetan ere, PNVko udal taldeko ordezkariek ez zuten udal gobernuaren proposamena babestu. Eneko Urdangarin bozeramaile jeltzalearen hitzetan, alkateak diru "gutxiegi" kobratzen du daukan ardura kontuan hartuta. Egia esan iritzi hau ulergarriagoa egiten zaigu, eta PNVko hautetsiek hartzen dituzten erabakiekin koherentea dela esan daiteke. PNVko kideei agian normala eta gomendagarria irudituko zaie beren alkate eta zinegotziek soldata handiak (edo oso handiak) jasotzea erakunde publikoetatik, izan ere estatu mailan gehien kobratzen duten alkateen ranking-etan beti ageri dira PNV alderdiko hainbat alkate. Askotan ikusi dugu, PNV alkatetzara iritsi eta alkatearen lehen erabakia bere buruari soldata nabarmen igotzea izan dela. Egia esan guri horrek auzolotsa eragiten digu, eta erabaki horien atzean guztiona den diru publikoarekin batzuen poltsikoak ondo betetzea dagoela iruditzen zaigu, udalaren eta ondorioz herriaren kalterako. Eskubidea dute hori egiteko eta guztiz legalak diren erabakiak izango dira, baina guri ez zaigu bidezkoa iruditzen eta horren atzean herriaren interesa baino, PNVko hainbat kideren interes indibidualak daudela ikusten dugu.
Honen aurrean, EH Bilduko kideok militante politikotzat dugu geure burua. Zer esan nahi dugu horrekin? guztiok izan ditzakegun interes pertsonalen gainetik, gure helburuak (Euskal Herri libre, justu, solidario, euskaldun, feminista, sozialista... eraikitzea) lortzeko borrokatzen dugula egunero, eta horretarako lan militantean eta gure herriarekiko konpromiso desinteresatu eta eskuzabalean sinesten dugula. Tamalez, ikusten dugu hitz hauetako askok ez dutela lekurik jeltzaleen hiztegietan. Zentzu horretan, uste dugu erakunde publikoetan, kasu honetan udaletxean, liberatuta dauden gure ordezkariek ezin dutela herritarren gehiengoak baino soldata askoz ere handiagoa izan. Soldata duina bai, baina soldatatzarrik ez. Beatriz Unzue alkateak osteguneko Udalbatzan ondo esan zuen bezala, gu ez gaude politikan gure poltsikoak betetzeko, gauzak hobera aldatzeko baizik.
- Beste erakundeetan udalak izango dituen ordezkariak aukeratu dira
Udalak parte hartzen duen erakundeetan Amasa-Villabonako ordezkariak izateko honako hautetsiak izendatu ziren: Beatriz Unzue Esnaola, alkatea: Tolosaldea Garatzen S.A., Tolosaldeko Mankomunitatea, Apattaerreka Industrigunea S.L., Loatzo Musika Eskola Mankomunitatea eta Tolomendi Mendi Nekazaritza Elkartea. Xabat Laborde Etxabe, lehen alkateordea: Gipuzkoako Urak, Tolosaldeko Euskararen Mahaia (TEM), EPA eta Haurreskolak Patzuergoa. UEMA- Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari dagokionez, Beatriz Unzue Esnaola, Xabat Laborde Etxabe, Ander Goikoetxea Arana eta Eñaut Zelarain Etxeberria izango dira udal ordezkariak.
Azken puntu honetan ere, PNV zein PSEk abstentziora jo zuten. Egia esan ez dugu ulertzen puntu honi ere babesik ez ematea, are gehiago PNVren kasuan. Izan ere, UEMAko batzar nagusietan parte hartzeko 2 ordezkari izendatzea proposatu genion PNVri eta oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso. Proposamen horren aurrean, mesedez erantzun bat emateko eskatuta ere, ez digute ezertxo ere esan nahi izan, ez erantzunik eta noski, ezta inolako azalpenik ere. Zintzoki espero dugu legealdian zehar PNVko taldekideek euskararen aldeko politiketan inplikazio maila handiagoa erakustea.
EH Bilduren balorazioa
Tamalez legealdi hasiera honetan izandako jokabidea ikusita, badirudi PNVk garatuko duen oposizio ereduak kutsu suntsitzailea edo ukatzailea izango duela. Guk ondorio hori atera dugu lehen osoko bilkuran ikusitakoaren ondoren. Zintzoki ondorio okerrra atera izana espero dugu, hori izango baita guztiontzat hoberena. Agian une hauetan bizi dugun hauteskunde kanpaina giroak ez du laguntzen elkarlanerako eta horrek ere bere eragina izan du. Denborak esango digu oker gauden edo zoritxarrez udal gobernutik proposatzen den guztiaren kontrakotasunean mantentzea izango den PNVko udal taldearen jardunaren ezaugarri nagusia.
PSEko ordezkariari dagokionez, oraindik ikusteke dago zein izango den bere ekarpena, momentuz akordio proposamenen aurrean abstentziora jotzea izan da egin duena, baina legealdia luzea da eta izango dugu denbora zer nolako oposizioa garatzen duen egiaztatzeko.
Guk udal gobernu taldetik gure ateak parez-pare irekita ditugu elkarrizketarako eta akordioak ediesteko. Uste dugu modu garbi eta gardenean jokatu dugula, gure erabakiak eta proposamenak aurretik ahoz zein idatziz oposizioari helarazten eta azalpenak ematen. Horrela jarraituko dugu datozen hilebete eta urteetan ere, eta espero dugu herriarentzat positiboak izango diren akordio zabalak lortu ahal izatea oposizioko alderdiekin. Hori da gure nahia eta helburua.