Beatriz Unzue Esnaolak EH Bilduko 8 zinegotzien aldeko bozkak jaso zituen eta Arantza Lopez Udalbatzako zinegotzi helduenak eman zion aginte makila. Ondoren egindako hitzartzean, Beatriz Unzuek udal gobernu berriaren oinarri eta printzipio nagusiak azaldu nahi izan zituen, jendez gainezka zegoen udaletxeko Batzar aretoan. Amaieran txalo zaparrada handia jaso zuen bigarren aldiz alkate izango den Unzuek.
Hauek izan ziren gure alkatearen hitzak:
Egun on, eta eskerrik asko gaurko bilkura berezi honetara gerturatu zareten herritar guztiei. Plazer bat da areto hau jendez beteta ikustea.
Une berezi honetan eskerrak eman nahi dizkiet azken lau urtetan zinegotzi izan direnei eta bereziki gogoan izan nahi ditut Garazi, Gorka eta Amagoia gure udal-taldeko kideak. Egindako lanari esker Amasa-Villabona hobea dugu orain.
Gaur bigarren aldiz aginte makila eskuetan hartzea tokatzen zait, baina duela lau urte esan nuen bezala, makil hau Amasa-Villabonako herriari eskaini nahi diot bueltan. Nik neuk eta EH Bilduko taldeak udala gidatzeko ardura izango dugun arren, benetako agintea gure herrian bizi diren 5.833 amasar eta billabonatarren eskuetan egongo baita beti.
Legealdi berri bati hasiera ematen diogun honetan, gure jardunaren eta lan egiteko moduaren printzipio eta oinarri nagusiak azaldu nahi nituzke:
- Gurea udal gobernu irekia izango da, herritarrei, elkarteei, oposizioko alderdi politikoei eta eragile guztiei ateak zabalduko dizkiena eta beti entzuteko prest egongo dena. Ziur gaudelako jendeari entzunez, asko hobetu dezakegula. Alkate gisa hemengo bulegoan ordu asko sartzea tokatzen zait, baina era berean kalean jendearekin egotea maite det eta entzuteko eta ahal bada laguntzeko prest aurkituko nauzue, gure zinegotzi guztiak bezalaxe.
- Gardentasun osoz eta ezer ezkutatu gabe lan egiten jarraituko dugu, udalaren jardunari buruzko informazio zehatza eskuragarri, eta interesa duen edonork kontsultatzeko moduan jarriz.
- Arduraz eta zintzotasunez lan egingo duen gobernu taldea osatu dugu, herriaren etorkizuna edo udalaren bideragarritasun ekonomikoa baldintzatu dezaketen erabakirik hartuko ez duena, eta zentzuz lan egingo duena, handikeriarik eta erokeriarik gabe.
- Gure herriaren etorkizunerako garrantzitsuak diren erabakietan herritarren parte hartze aktiboa sustatuko dugu, demokrazian sakonduz eta herritarrak ahaldunduz. Honekin batera, arloz arlo mahai ireki eta parte hartzaileekin jarraitu eta berriak martxan jarriko ditugu, erabakiak modu komunitario eta konpartitu batean hartzeko.
- Gurea gobernu feminista da, gobernantza eredu feminista eta parekidea izango duena. Zentzu horretan mugimendu feministarekin eskuz-esku eta elkarlanean aritu nahi dugu, matxismoarekin eta emakumeon eskubideen zapalketekin behin betirako amaitu dezagun.
- Giza eskubideak, askatasuna eta pertsona guztiei zor zaien errespetua oinarri hartuta, elkarbizitza sano eta baketsua izango duen herri bat izan nahi dugu, indarkeriarik, inposaketarik, diskriminaziorik, fobiarik, bazterketarik eta eskubide urraketarik gabekoa.
- XXI. mendeko erronka handien aurrean, eredugarria izango den herria eraikitzeko anbizioa dugu, ikuspegi ezkertiar eta aurrerakoi batetik. Besteak beste larrialdi klimatikoari erantzuteko energia trantsizioan aurrera egitea, etxebizitza benetako eskubidea izan dadin eta gazteen emanzipazioa ahalbideratzeko neurri eraginkorrak hartzea, edota kalitatezkoa eta duina izango den zaintza sistema publikoa eratzea, ditugu gure gobernuaren agendan.
- Euskal Herria da gure nazioa eta euskara eta euskal kultura sustatzen jarraituko dugu, beti gure herriaren aniztasuna errespetatuz baina era berean herri gisa dagozkigun eskubide politiko eta demokratikoak aldarrikatuz, inolako konplejurik gabe.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet nigan konfiantza jarri duten guztiei, familiari eta lagunei, une oro nerekin egoteagatik eta hemen egoterik ez daukatenei. Benetan harro eta oso eskertuta nago.
Nere lagun batek dioen bezala, ALKATERIK ONENA HERRIA!
GORA AMASA-VILLABONA!