Amasa-Villabona hobetzen jarraitzeko herri programa

Amasa-Villabonako EH Bilduk udal hauteskundeetarako Herri Programa gauzatu du eta egun hauten herriko postontzietara banatzen ari gara auzolanean. Azaldu nahi dugu herri programa hau, datozen lau urteetarako osatu dugun udalgintza-planaren laburpen txiki bat dela, plan horretan askoz ere neurri eta egitasmo zehazt gehiago ditugu jasota.

HERRI PROGRAMAREN LABURPENA:

Bi egitasmo garrantzitsu: Liburutegi berria egin eta auzoetako kaleak konponduko ditugu.

Udal Liburutegia handitu eta eraberritzeko proiektua gauzatuko dugu eta urte beteko epean liburutegi zerbitzu moderno eta erabilgarria izango dugu.

Hainbat auzotan eraberritzeak eta urbanizazio lan berriak egingo ditugu, adibidez, Txermin (aparkaleku handia barne), Etxeondo, Oriamendi, Otsabi, Arroa eta Larrean.  

1. Udal Liburutegia zabaldu eta berritzea, ezinbesteko proiektua

Legealdi honetan definitu dugun proiektuaren bidez, Udal Liburutegiak nabarmen handituko du bere azalera, udaletxe azpiko arkupeen guneetara zabalduko baita. Horrela, etorkizuneko liburutegiak hiru espazio izango ditu: haurren gunea, kontsultarako espazioa eta ikasteko gela isila. Gainera azken honek sarrera independentea izango du, liburutegia itxita dagoenean ere sartzeko aukerarekin. Udal zerbitzu hau zabaldu eta modernizatuko da, egungo liburutegi zaharkitua atzean utzi eta XXI. mendeko kalitatezko liburutegi funtzional bat eskuratuz.

2. Auzoen eraberritzea da gure erronka nagusia

Urteen poderioz, normala da Villabonako hainbat auzoetako egoera kaskartu izana eta hainbat kaletan antzeko arazoak ditugu: lurzoruko baldosak mugitzen dira (askotan zuhaitzen eraginez), espaloiak zaharkituak eta pitzatuak daude, errepideak ez daude ondo, koska edo oztopo gehiegi daude oraindik, eta abar.

Horregatik, EH Bildun argi dugu pixkanaka baina etenik gabe, auzoen eraberritze lanei ekin behar zaiela. Garrantzitsuenak eta lehentasunezkoak aipatu nahi genituzke: Txermin eta Etxeondo auzoen berrurbanizazio integrala eta Oriamendi-Larrea pasealekuaren lurzoru aldaketa. Baina ez ditugu ahaztuko beste auzoak, askotan baitaude konpondu beharreko eremuak.

Lehentasunez landuko ditugun eremuak:

Larrialdi klimatikoaren aurrean, energia trantsizioa eta ingurumenaren babesa
Legealdi honetan aurrera urrats garrantzitsuak eman ditugu erronka honetan: Amasa-Villabonako Energia Plana osatu dugu, udalak erabiltzen duen energiaren %100a berriztagarria da, autokontsumorako pausua eman dugu plaka fotovoltaikoen bidez, argiteria publikoa berriarekin energia kontsumoa jaitsi dugu, etab. Konpromiso irmoa dugu Energia Plana bururaino eramateko, adibidez Arroako eskolan eta Olaederra kiroldegiko teilatu berrian plaka fotovoltaikoak jarriz eta Arratzaingo eskoletako gasolio galdarak ordezkatuz. Ingurumena babesten jarraituko dugu inguru naturalak garbituz eta mendietan bertako zuhaitzak landatuz.

Herriko merkataritzari bultzada, kale biziak nahi ditugulako
Villabonako Merkataritza indarberritzeko Plan Berezia osatu genuen 2022an eta guk plan hori garatuko dugu datozen urteetan. Egungo sistema kapitalistak bultzatzen duen kontsumo ereduaren eraginez, zoritxarrez gero eta denda gutxiago ditugu herrian eta horrek hainbat kale hutsik eta bizirik gabe geratzea eragin du. Egoera honen aurrean, eta beti Oria merkatarien elkartearekin elkarlanean, egungo merkataritza sektorea babesteko eta merkataritza-establezimendu berrien irekiera errazteko neurri eraginkorrak hartzeko konpromiso irmoa dugu. Adibidez, kontsumo bonuen kanpainekin jarraituko dugu eta itxita dauden lokaletan negozioa jarri nahi dutenentzat diru laguntzak jarriko ditugu martxan.

Feminismoa erdigunean
Herri parekidea nahi dugu, matxismorik, LGTBIQ+fobiarik eta diskriminaziorik gabea. Norabide horretan, udal politika mugimendu feministarekin elkarlanean egin nahi dugu, mahai ireki berri baten bidez. Txoko morea eta Tolosaldeko emakumeen etxea bultzatu eta berdintasun teknikari bat kontratatuko dugu.

Demokrazia parte hartzailea eraikiz
Soilik lau urtean behin bozkatzera mugatzen den eredua gainditu, eta hitza eta erabakia emango diogu herriari. Ziur gaude herritarren parte hartzearekin eta gizartearen inplikazioarekin erabaki onak hartzen direla. Horregatik herri galdeketa berriak egin eta azken galdeketako proiektu irabazlea gauzatuko dugu.

Herriaren beharrei erantzungo dien hirigintza 
Ditugun gabeziak konpontzeko, besteak beste proiektu hauek aurrera eramango ditugu: komun publikoak kalean, Txermingo aparkalekua berritu, Otsabiko parkea aisialdi gune erakargarria egin, bidegorria Irurara, etxebizitza babestuak sustatu, kiroldegiko kantxa berritu, Amasako errepidea zabaldu, ur-parkea haurrentzat, txakurrentzat egokitutako guneak...  

Gure eredua: herriko elkarteekin elkarlana
Zorionez Amasa-Villabonan jarduera mordoa antolatzen dituzten talde, elkarte eta eragileak ditugu. Kirola, kultura edota aisialdia lantzen duten elkarte guzti horiek sekulako ekarpena egiten diote herriari eta guk guztiekin elkarlanean jardun nahi dugu, ahal den guztian lagunduz eta erraztasunak emanez.

Programa kontsultatzeko: HEMEN

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!