Ekitaldiari hasiera emateko, Iraia Cambra Amasa-Villabonako abeslari gazteak kantu eder bat abestu du. Jarraian, Amagoia Agirre eta Arantza Lopez EH Bilduko zinegotziek hartu dute hitza eta azken hiru urte pasatxoan udalean Beatrizekin batera lan egitea plazerra izan dela azaldu dute eta berriro ere Amasa-Villabonako alkate izateko pertsonarik egokiena dela azpimarratu dute.
Ondoren, ekitaldiaren protagonista nagusiari, Beatriz Unzueri eman diote hitza. Honakoka izan dira Beatrizen hitzak:
Udalean alkate gisa daramatzadan 3 urte pasatxo hauetan, gustura egon naiz, eroso, eta beti babestua sentitu naiz, batez ere udalean sortu dugun taldeko lagunei esker. EH Bilduko edo zinegotzi taldeko kide baino gehiago, lagun edo adiskide taldea izan dut ondoan, eta hori eskertzekoa da. Ez da batere erraza alkate izatea, egunero buruhauste eta arazo ugari kudeatu behar izaten baita udaletxeko pareten barruan, baina horrelako jendeaz inguratuta, gauzak askoz ere errazagoak dira. Beraz, bihotzez eskertu nahi diet nirekin batera egungo udal gobernu taldea osatzen duten zinegotzi guztiei, legealdi honetan zehar lagundu diguten EH Bilduko kideei eta berriro beren konfiantza nigan jarri duzuen EH Bilduko komunitate osoari.
Eskerrik asko! hoberenak zarete eta maite zaituztet!
Hala ere, zailtasunak zailtasun, gauza asko egin ditugu, zalantzarik gabe gauza garrantzitsuak. 2019an herritarrei aurkeztu genien herri programa izan da gure iparra, eta bertan jaso genituen egitasmo gehienak aurrera eraman ditugu. Aurreko udal gobernuaren politika estilo zaharkituarekin amaitu, eta gardentasuna, zintzotasuna eta gertutasuna ardatz izan dituen aldaketa gauzatu dugula esan dezaket harrotasunez.
Ez ditzagun ahaztu izandako lorpenak. Ezkerreko ikuspegitik, arlo garrantzitsuetan Amasa-Villabonan aurrera pausu handiak eman direla uste baitut. Adibide batzuk botako ditut, denok gogoan izateko:
- Justizia sozialaren norabidean,desberdintasun sozialei eta pobreziari aurre egin diegu, adibidez elikagai bankuaren sorrerarekin edo gizarte zerbitzuen indartzearekin.
- Berdintasunean aurrera egiteko, politika feminista aktiboak jarri ditugu martxan. Diskriminazioei, eraso matxistei edota LGTBIfobiari tinko aurre egin eta herriko mugimendu feministekin harreman eta elkarlan txukuna garatu dugu.
- Krisi klimatiko eta energetikoaren garai honetan, gure ingurune naturalak babestu ditugu; bertako basoa berreskuratuz, erreka eta ibaiak garbituz, kontsumo baxuko argi gehiago jarriz, autokontsumorako eguzki plakak ezarriz etab.
- Herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreak lagundu ditugu batez ere pandemiak eragindako krisiak ahalik eta ondorio txikienak izan zitzan gure herrian. Hor daude, emandako dirulaguntzak, kontsumo bonoen kanpainak etab.
- Demokrazia parte hartzailean sinesten dugunez, herritarrei hitza eta erabakia eman diegu, galdeketa bidez.
- Kulturan ere aurrera egin dugu, beti, baita momenturik zailenetan ere, kalitatezko kultur eskaintza antolatuz eta indar berezia jarriz euskal kulturaren sustapenean.
- Euskararen aldeko politika eraginkorrak jarri dira martxan, UEMAn sartuz eta Euskaran Ados mahaiaren gidaritzarekin.
- Gaztelekuaren martxari buelta eman diogu, kirolean ere ekimen berezi eta garrantzitsuak antolatu ditugu, zentzuzko hirigintza-politika garatu dugu etab. luze-luze bat.
Horregatik nago gaur hemen, konbentzimendu osoz adierazteko, prest nagoela gogor lan egiten jarraitzeko eta legealdi honetan emandako aldaketa aurrerakoiari jarraipena emateko.
Guztiok batera lortuko dugu! Gora Amasa-Villabona eta Gora EH Bildu!
Ekitaldiaren amaieran, bertaratutakoak edaria eta gaztain erreak dastatzeko aukera izan dute, giro ezin hobean.