Udalak apirilean hasitako parte hartze prozesua eredugarria izaten ari da; Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde berezian adostasunez eta gardentasun osoz hartu dira erabakiak, hautagai dauden proiektu guztiak herritarrek edota herriko elkarte zein eragileek proposatutakoak dira, herritarrei informazio argia helarazi zaie etab.
Ez dago zalantzarik, honakoa mugarri garrantzitsua izango dela eta eragina izango duela aurrerantzean Amasa-Villabonan garatuko diren Udal politiketan. Hemendik aurrera herritarren partaidetza ezinbestekoa izan beharko litzateke herriari eragiten dien erabaki garrantzitsuetan eta aldebakartasunak zein inposizioek ez lukete lekurik izan behar.
EH Bildun oso argi dugu gure herrian kalitatezko demokrazia bat eraikitzeko, Udal politika egiteko eredu zaharkituak eta iraganeko inertziak gainditu behar ditugula. Guretzat ez da nahikoa herritarrek soilik 4 urtetik behin bozkatzeko aukera izatea eta ondoren legealdian zehar erabaki guztiak politikariek soilik hartzea.
Ondorioz, une esanguratsu batean gaude eta herritarron parte hartze zabala lortzea oso garrantzitsua izango da. Herritarrok erakutsi eta demostratu behar dugu, gure herriak eta bere etorkizunak kezkatzen gaituela, interesa dugula herria hobetzeko, ez dugula guztiaz paso egiten eta erabakia gure eskuetan jartzen denean, parte hartu eta bozkatzeko prest gaudela.
Beraz, Amasa-Villabonako EH BILDUtik datorren azaroaren 19tik 28ra garatuko den Herri Galdeketan parte hartzeko deia egiten dugu.
Berdin du telematikoki edo modu tradizionalean, baina eman zure bozka!
AMASA-VILLABONAKO EUSKAL HERRIA BILDU