Honakoa da EH Bilduk udalean aurkeztu duen mozioaren testua:
EUSKO JAURLARITZARI UDALENTZAKO EZ OHIKO FUNTSA BEREZI GEHIGARRIA ESKATZEKO MOZIOA
COVID19aren pandemiak sortutako krisiak gogor eragin du udalen egunerokotasunean, eta batez ere, udalek 2020rako eginiko aurreikuspenetan. Udalek beraien aurreikuspenak alde batera utzi eta beste lehentasun eta beharrizan batzuei egin behar izan diete aurre: herritarren osasun segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea, garbitasunean zerbitzu gehigarriak ezartzea, gizarte politiken arloan sortutako beharrizan berriei erantzutea, herrietako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei laguntzea... Alarma egoeraren ondorioz udal zerbitzu batzuk bertan behera uzteak ere galera ekonomikoak eragin ditu udaletan.
Inbertsioak berrantolatzeaz gain, udalak diru sarreretan ere aldaketak jasan ditu: batetik, tasa eta prezio publikoen bitartez lortzea aurreikusten zituzten sarrerak murriztu dira; eta bestetik, udalak foru finantza funtsaren bidez jaso beharko lukeen diru kopurua ere murriztu da.
COVID19aren krisiak behar berriak sortu ditu, eta erakunde publikoak horiei erantzutera behartuta gaude. Udalak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanik, momentu honetan gaitasun ekonomikoa bermatzea oso garrantzitsua da.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari udalentzako ez-ohiko funtsa berezia sortzea dagokio gutxienez ondorengo udal premiei erantzuteko:
- Udal zerbitzuetan izaniko galerei aurre egiteko.
- Udalek zerbitzuak eta langile postuak telelanera egokitzeko gastuei aurre egiteko.
- Herritarren larrialdi egoerei aurre egiteko.
- Arrakala informatikoa, haurren elikadura zein udal eskumenekoak ez diren beste gai batzuetan udalek egindako inbertsioengatik sortutako gastuak ordaintzeko.
- Hezkuntza eta osasun arloan udalei sortuko zaizkien beharrizan berriei aurre egiteko (adibidez eraikinak egokitzea eta garbitasun neurrien zorrozteak dakartzan kostu gehigarriak).
Bestetik, Europar Batasunak ere funtsa bereziak iragarri ditu datozen urteetan izango ditugun erronkei aurre egiteko eta COVID19aren pandemiak areagotutako krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioak berreraikitzeko. Erronka horiei tokikotasunetik ere egin beharko zaie aurre, eta horretarako ezinbestekoa da udaletara funtsa horiek heltzea eta udalek (aniztasun osoa kontuan izanik dagokion ordezkaritzaren bidez) funtsa horien lanketan zuzenean parte hartzea, Nafarroako Gobernuak ahalbideratu duen bezala.
Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako udalbatzak ondokoa adosten du:
1. Eusko Jaurlaritzari EAEko udalentzako ez-ohiko diru funtsa berezi bat sortzea eskatzen dio, udalek COVID19aren krisiaren ondorioz jasan behar dituzten gastu hauei aurre egiteko:
- Udal zerbitzuetan izaniko galerei aurre egiteko
- Udalek zerbitzuak eta langile postuak telelanera egokitzeko gastuei aurre egiteko
- Herritarren larrialdi egoerei aurre egiteko
- Arrakala informatikoa, haurren elikadura zein udal eskumenekoak ez diren beste gai batzuetan udalek egindako inbertsioengatik sortutako gastuak ordaintzeko
- Hezkuntza eta osasun arloan udalei sortuko zaizkien beharrizan berriei aurre egiteko (adibidez eraikinak egokitzea eta garbitasun neurrien zorrozteak dakartzan kostu gehigarriak).
2. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, Europatik datozen funtsen %30 udaletara bideratua izan dadin bermatu dezala.
3. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, Europatik datozen funtsen banaketa zein lanketa garatuko den guneetan EAEko Udalen aniztasun osoa ordezkatua izango den ordezkaritza baten bidez parte hartze zuzena bermatu dezala.
4. Ebazpen hau Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko zaio.