Ostiralean 19:00etan Herri Batzarra

Amasa-Villabonako EH Bilduk herri batzarra antolatu du: Urtarrilak 14 ostirala, 19:00etan Udaletxeko areto nagusian.
Nerea Kortajarena EAEko legebiltzarkidea izango da gonbidatua eta berak gidatuko du batzarra.

Batzar honetako lehen puntuan, EH Bilduk egiten duen egoera politikoaren irakurketa elkarbanatuko da. Nazioarteko, espainiar zein frantziar estatuetako eta Euskal Herriko egoeraren inguruko hausnarketa partekatzeaz gain, EH Bilduk azken hilabeteetan hartu dituen erabaki nagusien inguruko azalpenak ere emango dira.

Bigarren puntuan, datozen hilabeteetan EH Bilduk garatuko duen ekintza politikoaren ildo nagusiak azalduko dira. Parte hartzen dugun erakunde publiko guztietan (Madrilgo kongresuan, EAE eta Nafarroako legebiltzarretan, herrialdeetako Batzar Nagusietan eta udaletan) EH Bilduk garatuko dituen ekintza politiko nagusien inguruko eztabaida eta gogoeta partekatu bat egitea izango da helburua. 

Azkenik, Amasa-Villabonako udal gobernuko ordezkariek erabaki proposamen berezi bat aurkeztuko dute eta bertan erabakiko da proposamena onartuko den edo ez. Gure herriaren etorkizunerako estrategikoa izango den inbertsio garrantzitsu bat jarriko da mahai gainean.

Amasa-Villabonako EH Bildutik batzar honetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu gure oinarri sozial osoari eta baita interesa izan dezaketen herritar guztiei ere.

HERRI BAT DUGU IRABAZTEKO! 


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!