Udalbiltzak zuzendaritza berria hautatu du

Udal hautetsien nazio erakundeak batzarra egin zuen pasa den larunbatean Durangon eta bertan legealdi honetarako zuzendaritza berria aukeratzeko.

 
Durangoko Batzar Orokorrean bildutako ehunka hautetsien artean izan ziren Amasa-Villabonako EH Bilduko hautetsiak ere, Euskal Herri osoa barnebiltzen duen erakunde nazional bakarrari gure atxikimendua eta erabateko babesa adieraziz.

Udalbiltza ezinbesteko erakundea da guretzat, gure nazioaren zatiketa administratiboari aurre egin eta euskal lurralde ezberdinetako hautetsien elkargunea bakarra baita. Udalbiltzak naziogintzan aurrera egiteko eta gure nazio izaeran sakontzeko tresna baliagarria izaten jarraitzen du eta udal ordezkarien arteko elkar ezagutzan sakontzeko eta sinergiak bilatzeko gune aproposa da dudarik gabe. Tamalgarria da beren burua abertzaletzat duten ehunka hautetsik, PNVren erabakiz, Euskal Herriko erakunde nazional bakarrari bizkarra eman izana, guretzat ulertezina da, ez al dute Euskal Herrian sinesten? ez al dute zazpi lurraldez osatutako erakundetzean sinesten? benetan etsigarria da PNVk nazio eraikuntza guztiz alboratu eta bere agendatik atera duela egiaztatzea. 
 
Durangoko batzarrean aho batez erabakita, Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea izango da Udalbiltzako lehendakari berria, lehendakariordeak berriz, Irantzu Antoñana (Vianako hautetsia) eta Pili Legarra (Asteasuko alkatea) izango dira. Jabi Asurmendi, duela sei urte pasa Udalbiltza berrantolatu zutenetik hirugarren lehendakaria da. Mertxe Aizpurua eta Luis Intxauspe izan ziren aurreko biak. Nazio erakundean 1.050 udalbiltzakide daude gaur egun eta gehiago izateko lanean ari da zuzendaritza. Amasa-Vilabonatik gure eskertza eta zorion mezua berezia helarazi nahi diogu Pili Legarra Asteasuko alkateari, Udalbiltzaren zuzendaritzan lan egiteko erakutsi duen prestutasunagatik. Zorionak eta eskerrik asko Pili!
 
Guztira hamahiru lagunek osatuko dute batzorde eragile berria:
 
Lehendakaria:
 
- Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea, Bizkaia).
 
Lehendakariordeak:
 
- Pili Legarra (Asteasuko alkatea, Gipuzkoa).
- Irantzu Antoñana (Vianako zinegotzia, Nafarroa).
 
Batzordeko beste kideak:
 
- Lamia Arcas (Laudioko zinegotzia, Araba).
- Jon Arriola (Berriatuko alkatea, Bizkaia).
- Asier Gonzalez (Bilboko zinegotzia, Bizkaia).
- Itziar Amezaga (Errigoitiko zinegotzia, Bizkaia).
- Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia, Gipuzkoa).
- Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia, Gipuzkoa).
- Xanti Kapendegi (Ahetzeko zinegotzia, Lapurdi).
- Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia, Lapurdi).
- Aitor Elexpuru (Berako alkatea, Nafarroa).
- Oihan Mendo (Garesko alkatea, Nafarroa).
 
2021era arteko plangintza
 
Udalbiltzaren 2018-2021erako plangintzako proiektuak zertan diren ere azaldu zuten Durangoko batzarrean: Ikerbiltza, Hurbiltzen, Hartu-eman, Lurgida, Hauspotu eta Euskal Herriko historiaren memoria gunea. Nazio erakundeak garrantzi handia ematen die euskal lurraldeen arteko saretzeari, burujabetzari eta tokiko garapenari. Burujabetza arloan, garatzen ari da energetikoa, elikadura eta ekonomia soziala. Euskarri turistiko baten egitasmoa ere badu.
 
Asurmendik elkarlanaren beharra nabarmendu zuen aginte makila hartu berritan: «Udalgintzatik garapenaren eta burujabetzaren bidean, urratsak egin daitezkeela konbentzituta gaude. Horretarako, udalen, hautetsien, erakundeen eta eragileen arteko lankidetza premiazkoa da, denak bat eginez eta elkartasunean, zubiak eraikiz, esperientziak zein ezagutzak partekatuz, senidetzeak bultzatuz; azken batean, Euskal Herria eginez».
 
Ima Garrastatxu Durangoko alkate eta udalbiltzakidearen hitzaldi batekin hasi zen bilkura, eta AMI independentziaren aldeko Kataluniako udalen elkarteko presidente Josep Maria Cerverak hitzordurako igorritako bideo bat ikusi zuten bertan bildutako hautetsiek.
 
Omenaldia Udalbiltzan aritutakoei
 
Durangoko ekitaldian omenaldi bat egin zitzaien Udalbiltzaren sorreratik egondako batzordekide, langile eta auzipetuei. Haietako zenbait bertan izan ziren.
 
EAJ, EH, EA, AB eta talde independenteetako hautetsiek sortu zuten nazio instituzioa, 1999ko irailean Lizarra-Garazi akordioaren garaian. Ituna bukatu zenean, bitan zatitu zen Udalbiltza —EAJ eta EAkoena zegoen, batetik, eta ezker abertzalekoena, bestetik—, eta, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko hautetsiez osatutakoaren aurkako epaiketa egin zuen. Absoluzioa eman zuen 2011n. Handik bi urtera, nazio erakunde berrantolatua aurkeztu zuten, batez ere Bilduko eta EH Baiko hautetsiez osatutakoa. EAJk duela bost bat urte bukatu zuen Udalbiltza-Udalbide erakundearekin baina Udalbiltza bazterrean uztea erabaki zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!