Amasa-Villabonan berriro ere EH Bildu izan da bozka gehien lortu dituen alderdia eta abstentzioa igo arren 2019ko apirilean izandako emaitzak hobetu ditu 45 bozka gehiago lortuz.
Beraz, Amasa-Villabonako EH Bilduk balorazio oso positiboa egiten du eta eskerrak eman nahi dizkie hauteskunde hauetan EH Bildurekin bat egin eta lanean haritu diren kide guztiei. Era berean, beren konfidantza EH Bildurengan ezarri duten 1.087 herritarrei ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.
Eskerrik asko Amasa-Villabona!
Eskerrik asko Amasa-Villabona!
EH Bilduren emaitza oso onak hego Euskal Herri osoan
Euskal Herri mailan, EH Bilduk emaitza ikusgarriak izan ditu, Amasa-Villabonan bezala boto kopuruan gorakada izanik eta guztira 5 eserleku lortuz Madrilgo kongresuan. Beraz, helburua bete dugu eta hego Euskal Herriko lurralde guztietan ordezkaritza lortu duen alderdi abertzale bakarra izan da EH Bildu. Nafarroan diputatua berreskuratu dugu eta Bel Pozueta kongresuan izango da Nafarroan lortutako 56.000tik gora bozkei esker. Bel Pozuetarekin nafar ahots feminista eta subiranista izatearekin batera, justizia aldarrikatuko dugu injustizien lurraldean; Altsasukoak aske! Gainera, Gorka Elejabarrieta senatari gisa hautatua izan da Gipuzkoan lortutako emaitza onak direla medio.
Guzti honen ondorioz, EH Bilduk talde politiko propioa izan behar luke kongresuan, horretarako baldintza guztiak betetzen dituelarik, baina ezin gara fidatu, aurreko legealdietan betoa ezarri baitzaio gure talde propioa izateari eta oraingoan ere trikimailuren bat erabiltzea ez litzateke harritzekoa. Taldearekin edo gabe, EH Bildu eta ezker independentista hor egongo da, Madrilen eta behar den lekuan gure aldarrikapenak etengabe plazaratzen: Preso politiko guztiak etxean nahi ditugu, nazioek erabakitzeko eskubidea dugu, politika ekonomiko neoliberalekin amaitu beharra dago eta eskubide sozialak defendatu, politika feminista erdigunean jarri behar da...
Bestalde, azpimarragarria da berriro ere trifatxitoko alderdiek (PP, Ciudadanos eta Vox) ez dutela inolako ordezkaritzarik lortu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta honek agerian uzaten du Euskal Herria oso desberdina dela Espainiar estatuarekin alderatuta. Emaitza hauek oso garbi ikusarazten dute Euskal Herria nazioa dela eta ez duela zer ikusirik estatuko beste lurraldeekin.
Kataluniar eta Galiziar independentisten emaitza azpimarragarriak
Katalunian ere alderdi independentistek irabazi dituzte hauteskundeak eta oraingo honetan CUP alderdia ere kongresuan izango da. EH Bildutik ERC, JPC eta CUP alderdiei gure zorion mezua helarazi nahi diegu. Zorionak lagunak! Galizatik ere albiste onak iritsi dira; BNG alderdi abertzale eta independentista berriro ere Madrilen gure alboan izatea oso pozgarria da. Zorionak BNG!
VOX alderdi faxistaren gorakada kezkagarria
Santi Abascal arabarrak zuzendutako alderdi ultraeskuindar, faxista, homofobo, arrazista eta supremazista espainiarrak emaitza onak lortu izana benetan kezkagarria iruditzen zaigu. Egia da Vox, Ciudadanos espainiar alderdi nazionalistaren kontura igo dela baina hala ere faxisten igoera albiste txarra da dudarik gabe. Honek Euskal Herria eta Espainiar estatuaren arteko arrakala handitzea dakar, zorionez gure nazioan Vox-ek duen babesa hutsaren hurrengoa baita.
PSOEk zer egin erabaki behar du
PSOEk hauteskundeak irabazi ditu estatuan baina jokaldia gaizki irten zaio; emaitza kaskarragoa izan du, ez du Podemos hondoratzerik lortu eta hirugarren hauteskundeak deitzearen arduragabekeriak espainiar faxismoaren berpizkundea ekarri du. Gainera orain lehen baino zailagoa du gobernu egonkor bat eratzea. Badirudi Sanchez eskuinera begira jarriko dela PPren abstentzioa bilatuz eta jakina denez, horrek ez ditu Espainiak dituen arazo estrukturalak (krisi politiko, ekonomiko eta nazionalak) konponbidearen norabidean jarriko. Berriro ere aukera paregabea du lider eta estadista gisa jokatu eta krisi horiei modu demokratiko batean aurre egiteko, autoritarismoa eta errepresioa baztertuz, baina zoritxarrez ez dirudi PSOEk horretarako borondaterik duenik.
Espainiar estatuari gero eta kirats handiagoa dario, bada garaia "gu bagoaz!" esateko eta gure herriaren autodeterminazio eskubidea lortzeko borrokan murgiltzeko. Animo eta aurrera, gora goaz eta!