Gipuzkoako erresidentzietako langileen aldeko mozioa eraman du EH Bilduk udalera

Amasa-Villabonako EH Bilduko udal taldeak Mozio bat ofizialki erregistratu du gaur, datorren astearteko Osoko Bilkuran eztabaidatua eta bozkatua izan dadin. Urriaren 14an udaleko alderdi politiko ezberdinei zuzendutako agiri bat helarazi zuten Santiago Egoitzako langileek, langileen borrokaren aldeko Mozio bat aurkezteko eskaera eginez. 
 
EH Bilduko udal taldeak eskaera horri erantzun positiboa ematea eta hilabete luzez lan baldintza eta pertsona nagusien zaintza duinen alde garatzen ari diren borroka udalean ere babesteko urratsa ematea erabaki du.

Honakoa da EH Bilduk aurkeztu duen Mozioaren edukia:
 
MOZIOA: GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK BORROKAN
 
ARRAZOIAK
 
Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako 5.000 langileek lau urtetik gora daramate lan hitzarmenik gabe eta lan baldintzetan hobekuntzarik izan gabe. Ondorioz, greba eta mobilizazioetan murgilduta daude lan-baldintza eta zaintza duinaren alde. Guztira 118 greba eta mobilizazio egun izan dira. 118 greba egun!
 
Pasa den urriaren 7tik 18ra Gipuzkoako lurralde osoko herri ezberdinetan (tartean Villabonan ere bai) protesta martxak egin zituzten ehunka langilek "Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu" lelopean.
 
Behar beharrezkoa da egoitzetan eta egoitza hauek kudeatzeko ereduan, pertsonak lehenestea eta zaintzaren kalitate duina bermatzea. Pertsonak lehenesten direnean erabiltzaile eta langileak ere zaintzen dira, ezin daiteke gauza bat ulertu bestea gabe.
 
Horregatik premiazkoa da langileen ordezkariak diren sindikatuak eta sektoreko patronala negoziazioetan murgiltzea, akordiorako borondatearekin garatuko den negoziazio fase berri bat zabalduz. Zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak negoziazioa sustatu eta balizko akordioaren ondorioak ahalbidetu behar lituzke. Izan ere, zerbitzuaren %90a Foru Aldundiak finantzatzen du eta ondorioz aktore oso garrantzitsua izan behar luke gatazka honetan.
 
ELA sindikatuak Foru Aldundia aldeen arteko akordioa blokeatzen aritu izana salatu du publikoki eta hori larria da. Onartezina da zaintzaren eta langileen lan baldintzen duintasuna ahalbidetuko lituzkeen akordioak egikaritzeari uko egitea, dirua aurrezteko aitzakiarekin. Pertsona helduen zaintza ezin da negozio bat bezala ulertu.
 
Zaintza lanena sektore feminizatua da, kasu honetan langileen %98a emakumeak dira eta soldata-arrakala ere pairatzen dute. Langileak gehienbat gizonezkoak izaten diren beste sektore azpikontratatuen aldean, 6.000 euro gordineko soldata arrakala dutela kalkulatzen da. Benetan eskandalagarria.
 
Zalantzarik gabe, guzti honek ondorio kaltegarriak ditu egoiliarrek jasotzen duten arretan. Gipuzkoako egoitza hauetan, tartean Amasa-Villabonako Santio egoitzan, pertsona nagusi bakoitzak egunean soilik ordu eta erdiko arreta jasotzen du, pertsonal falta larria dagoelako. Hau ez da kalitatezko arreta bat eta Foru Aldundiak ezin du arazoa berea ez balitz bezala jokatu.
 
MOZIOA
 
1. Amasa-Villabonako udalak elkartasuna agertzen die lan baldintza eta zaintza duinen alde borrokan ari diren Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langile guztiei, eta modu berezian Villabonako Santio egoitzan lan egiten dutenei.
 
2. Amasa-Villabonako udalak Gipuzkoako Foru Aldundia premiatzen du gizarte arazo bat suposatzen duen lan gatazka hau epe laburrean konpontzeko ardura hartzera eta helburu hori lortzeko beharrezko urratsak ematera.
 
3. Amasa-Villabonako udalak greba egiten ari diren egoitzetan eman gabe geratu diren zerbitzuen zati proportzionala egoiliarren senideei itzultzea eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
 
4. Amasa-Villabonako udalak, udalbatzan gehiengo osoz onartuko balitz, mozio hau Gipuzkoako Foru Aldundiari helaraziko dio.
 
 
Amasa-Villabonan, 2019ko urriaren 24an


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!