Asteazkenean Herri Batzar Irekia: 2020ko Udal Aurrekontuak

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2019ko urriaren 22a

Asteazken honetan Amasa-Villabonako EH Bilduren batzar irekia izango da 19:00etan udaletxeko pleno aretoan.

Batzar honetan EH Bilduko udal gobernua prestatzen ari den 2020rako udal aurrekontua izango da hizpide. EH Bilduk bere oinarri sozialarekin eta herritarrekin partekatu nahi ditu udaletik datorren urtean garatu ahal izango diren inbertsio nagusiak. Batzarrean udal sailetatik proposatu diren inbertsioak eta EH Bilduk bere udal programan jasotako inbertsioen aurkezpen bat egingo da eta batzarrean parte hartuko duten herritarren esku jarriko dira erabaki nagusiak.

Atal honetan hainbat egitasmo jarriko dira mahai gainean, jakinik ezinezkoa izango dela 2020. urtean soilik denak egikaritzea. Hauek lirateke udal inbertsioetarako mahai gainean jarriko diren proiektu aipagarrienak: Kiroldegiko teilatua eta kantxaren konponketa, parke estalia, aparkalekuak, liburutegiaren eraberritzea, Santio egoitza aurreko espaloia konpontzea, txakurrentzako parkea, elementu naturalekin egindako haur parke berria, argiteria publikoaren eraberritzea, Pumptrack (bizikletentzako zirkuitoa) etab.

Bestalde, udalaren jardunean eta batez ere udalak hartuko dituen erabaki nagusietan herritarren parte hartzea nola bermatu ere aztertuko da batzar honetan. Izan ere, Amasa-Villabonako EH Bilduk lehentasun osoa ematen dio demokrazia zuzen eta parte hartzailea garatzeari eta herritarrei hitza eta erabakia emateari. Beraz, udal inbertsioen atalean ere azken erabakiak herritarren eskuetan uzteko planteamendu bat jarriko da mahai gainean, horrela ikusten bada, herri-galdeketa/k antolatzeko urratsa emateraino.  



ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!