Espainiako Estatuak bizi duen ezegonkortasun giroan ospatuko dute aurtengo ‘Hispanitatearen Eguna’. Espainiako Estatuak bizi duen egiturazko krisiak azaroaren 10ean egingo den hauteskunde errepikapena ekarri du ondorioa bezala eta, beraz, urriaren 12a hauteskunde giro nabarmenean egingo da.
EH Bilduk ez dauka ezer ospatzeko ‘Hispanitatearen Egunean’. Aitzitik, gure herriarentzat burujabetza maila handiagoa eskatzeko eguna izan behar dela uste dugu. Esaten genizuen bezala, Espainiakoa porrot egin duen Estatua da, lurraldetasunak eraginda egiturazko krisi sakon eta gaindiezin baten murgilduta bizi dena. Krisi horren erakusle argi bat hurrengo egunetan Auzitegi Gorenak hautes-ontzi batzuk baino jarri ez zituzten preso politikoen aurka emango duen epaia izango da.
Horrenbeste, EH Bilduk eta euskal gizartearen zati handi batek ezer gutxi dute ospatzeko urriaren 12an; ospakizun eguna baino gehiago izan behar da aldarrikapen eguna. Horregatik, manifestaziora deitzen du egun horretan EH Bilduk Iruñean. ‘Bagoaz’ lelopean egingo den manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Antoniutti parketik. Anaitasunan amaituko da manifestazioa, ekitaldi politiko batekin. Era horretara, herritarrei ziurtasun eta ongizate maila handiagoa ematea ahalbidetuko duen proiektu politikoa gauzatu ahal izateko gure herriak burujabetza handiagoa behar duela sinesten duten euskal herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu mobilizazio horretara.
Hauteskunde giro bete-betean murgilduta gaude dagoeneko, eta sektore politiko bakoitza bere posizioak zehazten hasia da; egoera horretan, argi eta garbi agerian geratzen ari da Espainiako Estatua autoritarismoaren bidetik eraman nahi dutela. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den gobernu “aurrerakoia” osatzeko negoziazioak apurtzerakoan mahai gainean jarritako arrazoiak: Estatuko indar subirtanistek eta independentistek gobernuaren osaketa eta jarduna baldintzatzea ez dute ikusi nahi inondik inora. Hori eta ez beste ezer izan da Estatuan gobernua ez osatzeko arrazoia eta azken hilabeteotan ikusi dugunaren arrazoia. Azken hilabeteetan eman duten ikuskizunak erakusti digu Espainiako klase politikoaren azalkeria, arduragabekeria eta herritarren arazoak konpontzeko gaitasun falta.
Ez da eskuak gurutzatuta geratzeko garaia, are eta gehiago kontuan hartzen badugu gure etorkizun politikoa eta ekonomikoa erabakitzen ari direla batzuk gu baztertuta. Subiranistak gehiago eta indartsuagoak garela erakusteko unea da. Gure herriarentzat proiektu sendoa eta fidagarria daukagula erakusteko unea da, Estatua ziurgabetasunean murgilduta dagoen bitartean. Beste batzuk zatikatuta eta indarrak galtzen daudenean, subiranistak elkar hartuta eta indarrak batuz jokatzeko gai izan behar gara. Elkar hartuta indartsuagoak garelako eta gaitasun handiagoarekin defendatu ahal izango ditugulako gure postulatuak eta printzipioak.
Euskal subiranistok urrats bat aurrera emateko unea da. Iruñean egingo dugun mobilizazioa euskal independentistok Madrilera eramango dugun horma eraikitzeko lehen aukera da. Subiranistok indartsuagoak garen heinean, okerrago ibiliko direlako autoritarismoaren eta birzentralizazioaren bidean sakontzeko nahi duten Estatuko botere faktikoak eta politikoak. Haien helburua, gure eskubideak eta askatasunak murriztea delako.