Amasa-Villabonan ere Larrialdi klimatiko egoera aitortuko dugu

Klima aldaketari aurre egiteko neurriak jasotzen dituen Mozioa aurkeztu dugu udalean

Amasa-Villabonako EH Bildu udal-taldeak klima aldaketari aurre egiteko neurri sorta biltzen duen Mozio bat aurkeztu du udalean. Mozioaren bidez, larrialdi klimatiko egoera aitortzen da eta plangintza bat osatu eta martxan jartzeko konpromisoa hartuko luke udalak. Gainera udalak irailaren 27an mundu osoan zabalduko den nazioarteko grebarekin bat egin eta herritarrak larrialdi klimatikoaren garrantziaz ohartarazteko helburuarekin Amasa-Villabonan 10 minutuko argi-itzalketa egitea proposatzen du. Mozioa datorrean asteartean 19:30etan izango den osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da.

Hau da EH Bilduk aurkeztutako mozioaren eduki osoa:

KLIMA ALDAKETAREN AURKA KONPROMISO ZEHATZAK HARTZEKO MOZIOA

ZIOA:

Larrialdi Klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzako dagoeneko kezka nagusia bihurtu da, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.

Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri ditu. Aldaketa klimatikoa, Berotegi Efektuzko Gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak atzematen hasiak gara. 

Urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera kaskartzen ari denaren zantzuak ditugu. Nazioarteko hainbat erakunde eta lantaldeek argitaratzen dituzten txostenetan gero eta argiago esaten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakon bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi baldin badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu. 2018ko urrian, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, plazaraturiko txosten berezi batean, tonua altxa zuen indarrean dauden politikek behar besteko anbiziorik ez dutela salatuz, eta elektrizitatearen, nekazaritzaren, garraioaren eta industriaren sektoreetan aurrekaririk gabeko aldaketak eskatuz.

2018ko azaroan, Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak egoera larria dela ohartarazten du, esfortzuak areagotzen ez badira hondamendira goazela azpimarratuz.

Gaia bere osotasunean ikusirik, argi dago ataka batean gaudela eta orain arte proposatu eta egindakoa berraztertu beharrean gaudela. Ahal dela, eta industria iraultza aurretiko egoerarekin alderatuta, 1,5ºCko tenperatura igoera ez gainditzea helburutzat zuen 2015eko Parisko Akordioa betetzeko, orain arte emandako pausoak guztiz ez-nahikotzat jo beharrean gaude. 

Hasieran genion bezala, zibilizazio erronka baten aurrean gaude, eta aurrez aurre Jaurlaritzaren eragin esparru eta ahalmenak gainditzen dituen lanak baditugu ere, egoerak partekaturiko esfortzu bat eskatzen du. 

Gure ustetan, ipar orratza ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Prozesu honek gure jendartean inplikazio anitz eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan eta abar, horregatik deritzogu pausu azkar eta eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela.

Mozio honen bitartez, egoeraren larritasuna aitortzea dugu helburu, Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta ipintzeko asmoarekin, aurrerantzean politika publiko guztiak Larrialdi Klimatiko egoeraz kutsa daitezen.

MOZIOA:

Hori horrela, EH Bilduko udal taldeak honako MOZIOA aurkezten du:

1. Amasa-Villabonako Udalak larrialdi Klimatiko egoera deklaratzen du.

2. Amasa-Villabonako Udalak, Jaurlaritza larrialdi klimatiko egoera deklaratzera, eta honi aurre egiteko beharrezkoa den karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko moduko plangintza eta politikak abiatzera premiatzen du.

3. Amasa-Villabonako Udalak, Jaurlaritza aldaketa klimatikoaren eraginez pairatuko ditugun ondorioetara egokitzeko neurriak hartzera premiatzen du.

4. Amasa-Villabonako Udalak, bere eskumenen baitan, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazten du.

5. Amasa-Villabonako Udalak Aldaketa Klimatikoa eragiten duten udal eskumeneko faktore guztien inguruko diagnosi bat eta 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzeko hurbilpen lan bat egingo du 8 hilabeteko epean.

6. Amasa-Villabonako Udalak, udalerriko egoeraren diagnosia kontuan hartuta, prozesu parte hartzaile bat abiatuko du herritarren, auzoen eta beste edozein eragileren ekarpenak barne bilduko dituen plangintza bat osatzeko 2020. urtean zehar. 

7. Amasa-Villabonako Udalak, udalerriko herritar, eragile eta elkarteekin elkarlanean, plangintza hau aurrera eramateko beharrezkoak diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak bermatzeko konpromisoa hartzen du, bere gaitasunen araberakoa izanik plangintza gauzatzeko epea. 

8. Amasa-Villabonako Udalak bat egiten du, larrialdi klimako egoera dela medio, irailaren 27an deituta dagoen nazioarteko grebarekin eta herritar guztiak parte hartzera animatzen ditu.  

9. Amasa-Villabonako Udalak, herritarrei larrialdi klimatikoak duen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin, irailaren 27an iluntzeko 21:30etan argiteria publikoa 10 minutuz itzaliko du eta sirena hotsa ezarriko du errebote plazan. 

10. Amasa-Villabonako Udalak herritarrei Bando baten bitartez emango die mozio honen eta irailaren 27an egingo den argi itzalketaren berri.

11. Amasa-Villabonako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako trantsizio ekologikorako ministerioari  bideratuko die onartutako mozioa. 
 
 



Amasa-Villabonan 2019ko irailaren 19an
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!