Herri Batzar honek bi gai nagusi izango ditu:
1. Hauteskundeen balorazioa:
Helburua pasa den maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeei dagokionez EH Bilduk Amasa-Villabonan egindako lanaren balantze partekatu bat osatzea da. Aurre-kanpaina, hautagaien aukeraketa prozesua, aurrera eramandako ekimenak, hauteskunde kanpainan zabaldutako mezuak, lortutako emaitzak... guztia mahai gainean jarri eta modu autokritiko batean ondo eta gaizki eginak partekatuko dira bertaratutako herritarrekin.
2. Udalari begirako lehen proposamenak:
Ekainaren 15ean EH Bilduk Amasa-Villabonako alkatetza eskuratuko du eta jarraian, epe motzean hainbat erabaki esanguratsu hartu beharko dira: Udal Batzordeen definizioa, batzorde bakoitzean parte hartuko duten zinegotzien izendapena, talde politikoei bideratuko zaien diru kopurua, batzorde edo plenoetan parte hartzeagatik zinegotziek jasoko duten ekarpen ekonomikoen ezarpena, alkateordeen izendapena, liberazioak etab. Hau kontuan hartuta, Amasa-Villabonako EH Bilduk proposamen bat osatu du eta batzar honetan aurkeztuko du publikoki. Proposamen hori, ezbaian jartzeko aukera izango da eta batzarrak hartuko du azken erabakia.
Amasa-Villabonako EH Bildutik, batzarrean parte hartzeko deia luzatu nahi diegu pasa den maiatzaren 26an gugan konfiantza ezarri zuten herritar guztiei. Fase berri baten atarian gaude, herritarrek alkatetzan eta udal gobernuan kokatu gaituzte eta ardura handia dugu geure gain. Baina aldi berean gogo eta ilusio izugarria dugu bestelako udal kudeaketa bat martxan jartzeko, askoz ere irekiagoa, gardenagoa eta batez ere parte hartzaileagoa. Talde bikaina dugu udalean egin beharreko lanari berme guztiekin heltzeko eta hortara goaz!