Batzar ireki hau garrantzitsua izango da guretzat, azken hilabeteetan Amasa-Villabonako EH Bilduren hauteskunde lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztuko baitugu jendaurrean.
Pasa den urtean hasi genuen Herri Programa osatzeko prozesu parte hartzailea. Prozesu luze eta sakona izan da: Lehenik herriaren egungo egoera ezagutzeko diagnostikoak egin genituen, ondoren hausnarketa fase bati ekin genion, gure ezkerreko ideia eta balore aurrerakoien baitan, proposatu genitzazkeen neurriak mahai gainean jarri eta definitzeko. Azkenik, Herri Programaren oinarrizko dokumentua osatzea lortu dugu eta dokumentu hori aurkeztuko dugu asteazkeneko batzar irekian.
EH Bildutik, Herri Programa osatzeko garaian, herritarren zein elkarte edo taldeen ekarpenak biltzeko prozedurak martxan jarri izana balorean jarri nahi dugu: herriko elkarte eta eragileekin bilerak egin ditugu, EH Bilduren oinarri sozialeko pertsonekin batera dozenaka bilkura tematiko egin ditugu, Beatriz Unzue alkategaiak herritarren proposamenak biltzeko "Koaderno zuria" ekimena martxan jarri du (55 proposamen ezberdin jaso direlarik) etab.
Pozik eta harro gaude azken hilabeteetan aurrera eraman dugun lanarekin eta uste dugu gurea, EH Bildurena dela modu kolektibo eta parte hartzailean, bertatik bertara osatu den programa bakarra.
Esan bezala, asteazken honetan 19:00etan Gurea zineko erakusketa gelan aurkeztuko ditugu programaren nondik norakoak eta interesa duten herritarrei bertaratzeko gonbidapena egin nahi diegu.