Amasa-Villabonarako herri programa eraginkor eta eraldatzaile bat osatzeko hainbat molde eta tresna jarri ditu martxan EH Bilduko lan-taldeak:
- Herriko elkarte eta eragileekin aldebiko bilerak:
2018ko ekainean hasita, hilabete luze hauetan Amasa-Villabonako mota guztietako elkarte eta eragileekin bilerak egin dira. Bilera hauen helburu nagusia, arlo ezberdinetan lan egiten duten elkarteetako kideen iritziak, ideiak, zalantzak, kezkak, proposamenak etab. entzun eta jasotzea izan da. Oso prozesu aberasgarria izan da, elkarteetan lanean ari diren pertsonek inork baino hobeto ezagutzen baitute herriko arlo bakoitzeko (kultura, kirola, aisialdia...) egoera eta egon daitezkeen arazoak. Beraz, bilera guzti hauek Amasa-Villabonako egoeraren analisi edo diagnostiko zehatz bat edukitzeko oso lagungarriak izan dira.
- Arloz arloko lan-bilerak EH Bilduren militantziarekin eta oinarri sozialarekin:
Urtarriletik hasita, guztira 13 lan-bilera egin dira: Herrigintza, gazteria, euskara, kirola, hezkuntza, feminismoa, osasuna etab. Lan-bilera hauetan, aurretik egindako arlo bakoitzeko diagnostikoa aurkeztu eta etorkizunera begira mahai gainean jar daitezkeen egitasmo eta proiektu zehatzak identifikatzea izan da helburua. 2019-2023 legealdian garatu daitezkeen ildo zehatzak proposatu, eztabaidatu eta (horrela erabaki bada) onartu dira. Beraz, lan-bilera guzti hauen ondoren, herri programaren lehen zirriborroa osatu ahal izango da.
- Herritarren proposamenak jasotzeko tresnak:
- Koaderno zuria-ren dinamika: Azken asteetan Beatriz Unzue alkategaia herritarrek egindako proposamenak biltzen ari da berarekin daraman koaderno zurian. Bestalde, dagoeneko bi aldiz ezarri da koaderno zuria Villabonako kaleetan (lehenengoa kiroldegi kanpoaldean eta bigarrenez Malkar plazan). Dinamika honek jarraipena izango du hurrengo asteetan eta EH Bildutik koadernoa herriko zein tokitan ezarriko den jakinaraziko da.
- Herritarren ekarpenak biltzeko beste bitartekoak: Koaderno zuriaz gain, Amasa-Villabonako EH Bilduk herritarren parte hartzea ahalbidetu eta errazteko beste herraminta batzuk ere martxan jarriko ditu hurrengo asteetan. Besteak beste, herri osoan zabalduko den galdetegi edo inkesta bat prestatzen ari da hauteskunde lan-taldea.
Amasa-Villabonak behar duen herri programa osatzeko lanean buru belarri murgilduta dago EH Bildu, gure herriak hori eta gehiago merezi duelako! Aukera berriak daude mahai gainean eta aukera horiek baliatzeko eta Amasa-Villabona justu, parekide, alai, solidario, euskaldun eta duina eraikitzeko gogo biziz lan egiten jarraitzeko borondate irmoa adierazi dute EH Bilduko kideek.