Milaka gipuzkoar kalera atera ginen Erraustegia gelditzeko eta hondakinak kudeatzeko politikan adostasuna eskatzeko

Erakunde publikoei eskua luzatu zien GuraSOS elkarteak jendez leporaino bete ziren Donostiako kaleetan. Beste behin ere, prest agertu zen Zubietako errauste plantari eta hondakinak kudeatzeko politikei buruz hitz egin eta akordio berrietara iristeko. 

Zapi zuri batzuk eskuetan hartuta, honela adierazi zieten GuraSOS elkarteko kideek Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoei: "Ez duzue ezer ulertu. Ez gaude borrokarako, baizik eta elkarlanerako, bidea elkarrekin egiteko". Eta asmo horretan milaka pertsonaren babesa jaso zuten Donostiako kaleetan, Adostasunari esan baietz lelopean egindako manifestazioan.
 
Antiguako tuneletatik abiatu zen martxa, 17:00ak pasatxo zirela, eta, Mirakontxa pasealekuan aurrera egin ahala, handituz joan zen manifestari multzoa. Izan ere, udaberri garaiko eguraldiak lagunduta hondartza ingurura hurbildutako asko batu ziren protestara: etengabekoa izan zen jarioa, eta, Artzain Ona igarota, San Martin kalea alderik alde hartua zuen martxak. Aurrez ere babes handia jaso zuen deialdiak: Gipuzkoako eragile sozial, ekonomiko eta sindikal ugarik adierazi diote atxikimendua manifestazioari azken asteotan.
 
Ia ordubeteko martxaren ondoren, Bulebarrean bukatu zen mobilizazioa. "Egia, osasuna, ingurumena eta, nola ez, gure haurrak babestera etorri gara", adierazi zuten Joxe Mari Izetak eta Olatz Kortak GuraSOSen izenean, amaierako ekitaldian. Salatu zuten instituzioek euren "ahotsa isilarazi nahi" izan dutela, "hutsaren hurrengoa garela sinetsarazi", baina nabarmendu zuten euren eskaintza "zintzoa eta posibilista" dela.
 
Martxo hasieran hondakinak kudeatzeko plan berria onartzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundia, Zubietako erraustegia oinarri hartuta. Horren harira, elkarlanerako prest agertu zen GuraSOS, baina jarrera eraikitzailea eskatu zion Aldundiari ere: "Ez egin gerra gizarteari. Gogoratu zer dioen Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak: Ingurumen erronkei, eta hondakinei lotutakoei bereziki, gobernuek eta herritarrek elkar hartuta egin behar diete aurre".
 
Ildo horretan, elkarteko kideek gogoratu zuten "gizarteak hitza hartu" duela Hitzartu prozesuan, eta herritarrek hiru irizpide eman dituztela hondakinen kudeaketarako: osasuna lehenestea, instalazioak ahalik eta gehien baliatzea, eta ekonomikoki bideragarria izatea. Horietan oinarrituta, plan bat idatzi du GuraSOSek, eta diputazioan aurkeztu du. Kontuan hartzea galdegin zuten Donostiako mobilizazio honetan: "Badago alternatiba tekniko bat, ingurumen eta ekonomia ikuspegitik iraunkorra eta bideragarria dena. Batzar nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia: erantzuna zuen esku dago". Erantsi zuten bat datozela diputazioaren planteamendu batzuekin: "TMB plantarekin eta biometanizazioarekin, bai. Baina labeak, ez; erraustegia, inola ere ez".
 
Ekitaldiaren amaieran, eskua ez ezik, soka bat ere eskaini zien neskato batek erakundeei. Korapiloz beteta zegoen, askatzeke eta adosteke dauden arazoen seinale. "Denon artean Gipuzkoa osasuntsu eta hobea josteko".
 
EH Bilduko ordezkaritza zabala izan zen mobilizazio honetan, bertan izan ziren besteak beste Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagaia, Usurbilgo alkatea, Donostiako zinegotzi taldea, Lasarte Oriako EH Bilduko ordezkariak eta noski, Amasa-Villabonako EH Bilduko herrigintza taldeko kideak ere bertan izan ziren GuraSOS elkarteari babesa adierazteko eta beste behin erraustegirik ez dugula nahi eta alternatibak badaudela ozen adierazteko.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!