Erraustegiaren gaian gipuzkoarrei hitza emateko konpromisoa hartu du EH Bilduk

Datorren legealdian gipuzkoarrek herrialdea gobernatzeko aukera emanez gero, erraustegia alderdien arteko gatazkatik atera eta gipuzkoarrei azken hitza eta erabakia emateko konpromisoa adierazi ditu Gipuzkoako EH Bilduk. 

Gipuzkoako EH Bilduren adierazpena:
 
Azken urteetan amaigabea izan den Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren eztabaidari irtenbide bat eman beharrean gaude. Elkarrizketa sozialean eta lankidetzan oinarritutako politikak egiteko garaia da, auzi judizialak alboratu eta arazoari irtenbide politikoa emateko garaia, bakoitzak bere akatsak onartu eta aurrera begira gipuzkoarrei konponbide egonkor bat aurkezteko garaia.
 
Dagoeneko gauza jakina da eta gaur beste behin berretsi nahi dugu erraustegiarena ez dela EH Bilduren eredua. Kutsagarria, kaltegarria delako ingurumenerako eta kaltegarria osasunerako; oso larria da gainera hau ezkutatzea. Hori gutxi ez, eta negozio bihurtu dute oinarrizko zerbitzu publiko bat. Egoera horren aurrean, bazeuden eta oraindik ere badaude Gipuzkoako hondakinak tratatzeko modu merkeago, osasuntsuago eta ingurumenerako inpaktu gutxiagokoak. Izan ere, kutsaduraz gain, errausketa zurrun (eta masiboa)-ren eredua ez dator bat Europak aurreikusten duen plastikoaren erabilerari buruzko estrategiarekin. Ekonomia zirkularren helburuetara iristeko lagundu beharrean, oztopo tekniko eta finantza-tranpa bihurtzen da; etengabe erregaiaz asebete beharreko azpiegitura bat sortuz.
 
Egungo egoeran argi dugu Zubietan egiten ari diren obra eta inbertsioak aprobetxatu beharko ditugula. Aukera errealak daude erraustea helburu duen proiektu bat izatetik, berrerabilpena eta birtziklapena helburu izango lituzkeen proiektu batetara moldatzeko. Borondate politikoa behar da horretarako, ordea. Gardentasunez eta zintzotasunez aukera hauek egikaritzeko nahiko denbora badago. Zentzu berean, sinatutako kontratua berrikusteko garaiz gaude oraindik. Zerbitzu zuzen eta publikoaren ordez, 35 urteetarako gestio pribatua jasotzen du kontratu horrek. Enpresa esleipendunari 200 milioi eurotik gorako etekinak ziurtatzen dizkio eta hori bermatzeko negozio-esplotazio integrala enpresaren eskuetan uzten du. Kudeaketa integral horrek, bertan erraustuko diren hondakinen jatorria zein osaketa erabakitzeko ahalmena ematen dio enpresari. Hitz gutxitan, hondakina Gipuzkoa kanpotik ekartzea eta hiri hondakinak ez direnak erretzea ahalbidetzen dio kontratuak. Kontratua berrikusi ezean herritarren interesak eta bere osasuna 35 urteetarako hipotekatuko dira enpresaren etekinaren mesedetan.
 
Egoera horren aurrean, EH Bilduk arduraz jokatzeko prestutasuna du. Udal eta Foru hauteskundeetan gipuzkoarrek EH Bilduri herrialdea gobernatzeko ardura emanez gero, EH Bilduk erraustegia alderdien arteko gatazkatik atera eta gipuzkoarrei hitza emateko konpromiso irmoa du; erraustegiarekin egin beharrekoa gipuzkoarrek erabakitzeko. Alderdien arteko adostasunak eraikitzea garrantzitsua bada ere, argi dugu herritarrak izan behar dutela azken erabakia.
 
Gainera, egungo Aldundiko agintariek gaia itxitzat eman nahi duten honetan, GuraSOSek alternatiben inguruko bere azterlana babes anitzekin kaleratu du eta testuinguru honetan datorren larunbatean, otsailak 23, Donostian adostasunaren alde egingo den manifestazioa ahalik eta jendetsuena izateak berebiziko garrantzia du.
 
Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Donostiako Antiguoko tuneletik eta zuen ingurunean deialdia zabaltzea eta indartzea eskatzen dizuegu.
 
Aukerak badaude eta baliatuko ditugu, borroka hau beste guztiak bezala herritarrekin elkarlanean irabaziko dugu!
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!