EH Bilduren iritzia Venezuelako estatu kolpe saiakeraren aurrean

Izaera politikoa duten gatazkak konpontzeko bide bakarra elkarrizketa eta ezberdinen arteko akordioa dela uste du EH Bilduk.

Barne liskarrak areagotzeko kanpoko eragileak egiten ari diren ahalegina zein estatu kolpe saiakerak Venezuelak bizi duen egoera oraindik eta gehiago zailtzen dute.
 
Ukaezina da Venezuelak egoera zaila bizi duela, baina Venezuelako herriari dagokio egoera bideratzea elkarrizketaren bidez eta kanpoko esku-hartzerik gabe. Barne gatazka sustatzeak oraindik eta gehiago zailtzen du egoera. Era horretara, nazioarteko pronuntziamenduak azpimarratu nahi ditu EH Bilduk.
 
Venezuelako herriak bere buruari eman dizkion instituzioak eta prozesu demokratikoak zein egoera zail hau bideratzeko adostu ditzaketenak errespetatu beharra dagoela uste du EH Bilduk. Baina azpimarratu nahi du elkarrizketa eta adostasunak bilatzetik etorriko dela konponbidea.
 
Edozein modutara, Venezuelan egiten ari diren kanpoko esku-hartzeak gaitzesten ditugu eta uste dugu kanpoko eragileei elkarrizketa sustatzea dagokiela konponbideak bilatzeko helburuarekin. Bidea ez da, inondik inora, tentsioak eta barne-liskarrak sustatzea eta oraindik eta zailtasun handiagoak sortzea. Elkarrizketa da lehentasun osoa izan behar duena.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!