Hizkuntza politika udalean: Ahomotel eta Belarrigogor

Artikulu honetan Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldetik, legealdi honetan udala euskararen normalizazioan atzera egiten ari dela salatzen da eta hainbat adibide aipatzen dira baieztapen hori frogatzeko. EH Bilduko kideen ustez, udal gobernuak ez dio behar lukeen garrantzia ematen euskararen erabilerari. EAJko arduradun politikoek euskararekin konpromiso handiagoa erakutsi dezatela eskatzen dute EH Bilduko ordezkariek.

Egunotan Euskaraldian murgilduta gabiltza Euskal Herriko txoko guztietan eta baita Amasa Villabonan ere, izena eman dugun ehunka ahobizi eta belarriprest-ok, gure konpromiso pertsonalaren bidez, euskararen erabileran aurrera urrats garrantzitsu bat emateko prest gaude. Ea denon artean, ekimen zabal eta anitz honen bultzadarekin, gure herriko kaleetan euskararen erabilerak bizi duen beherazko tendentziarekin apurtzea lortzen dugun. Herritarren bultzada eta euskaraz bizitzeko herri-gogoa ezinbestekoak izango dira gure hizkuntza benetan normalizatuko badugu.

Baina herritarren inplikazio eta konpromisoaz gain, erakunde publikoek ardura garrantzitsua dute zeregin honetan. Udalak, herritarrengandik gertuen dagoen erakunde publikoa izanik, ezin dio ardura horri muzin egin eta hizkuntza politika aktibo eta eraginkorrak marraztu eta martxan jarri behar lituzke. Udalak neurriak hartu behar ditu euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, eta euskararen erabilera zabaltzeko plangintzak eta egitasmoak garatzeko betebeharra du. Udalak, borondatea izanez gero, asko egin dezake euskaraz bizi ahal izango den herri euskaldun bat lortzeko bidean eta hori erantzukizun handia da.

Hau horrela izanik, hizkuntza politikari dagokionez Amasa Villabonako egungo udal gobernuak erakutsi duen axolagabekeria salatu beharrean gaude. EAJk gidatutako udal gobernuak eta zehazki euskara zinegotziak erakutsitako pasibotasun eta utzikeriak oso arduratuta gauzka. Legealdi honetan atzera urrats nabarmenak ere ikusi ditugu:

Udaleko Euskararen Erabilera Plana ez da errespetatzen: 

Amasa Villabonako udalak bere eguneroko lanean egiten duen euskararen erabilera arautzeko asmoz, erabilera plan bat onartu zuen 2013ko abenduan. Gainera, Plan hau herriko eragileekin adostu zen prozesu parte hartzaile baten bidez eta gaur gaurkoz indarrean jarraitzen du. Legealdi honetan udal gobernuak ez ditu plan horrek jasotzen dituen erabilera irizpideak edo arauak errespetatu. Kasu asko aipatu genitzake baina azken hilabeteetan gertatu diren hainbat arau-hauste aipatuko ditugu soilik: 

➢ Amavi udal aldizkaria: Azken hilabeteetako Amavi aldizkariek ez dute euskararen erabilera plana betetzen. Planak udalaren argitalpen publiko guztietan gutxienez %70a euskaraz izan behar dela agintzen du eta nabarmena da arau hau urratua izan dela (azken Amavi berezia da adibiderik garbiena). 
➢ Prentsa oharrak: Planak euskaraz egin behar direla zehazten du eta gaztelania erabili behar bada, laburpen bat izatea. Udal gobernu honek ordea komunikazio guztia elebitan egiten du eta gainera maila berean ezartzen ditu euskara eta gaztelania. Euskarari inolako lehentasunik ez beraz.
➢ Bandoak, errotulazioa, kartelak... Bandoetan hainbat arau hauste ikusi ditugu, planak argi eta garbi euskarari lehentasuna eman behar zaiola zehazten badu ere, askotan (gehiegitan) euskara eta gaztelania maila berean agertu dira. Errotulazioan ere atzera urrats nabarmenak izan dira; Planak errotuluak euskara hutsez ezartzea edo gutxienez euskarari lehentasuna ematea zehazten du baina legealdi honetan ezarri diren errotulu ugari elebitan daude, euskarari lehentasunik eman gabe. Kartelei dagokionez, planak euskara soilik erabiltzea ahalbidetzen eta gomendatzen badu ere, udalak argitaratutako kartelak ikusi ditugu ia erdara hutsean. 
➢ Euskararen erabilera traketsa: Udalak, erakunde publikoa izanik, euskara modu egokian erabili behar du, alegia, udalak euskaraz idazten duenean akats ortografikoak, gramatikalak edo bestelakoak egitea onartezina da. Ulertu dezakegu noizbait ohartu gabe hanka-sartze bat egitea eta tarteka akats bat agertzea, baina legealdi honetan adibide gehiegi pilatzen ari dira. Udaleko web orriko euskarazko albisteetan akatsak eta idazkera traketsa ohikoak bilakatu dira. 
➢ Mozioa erdara hutsean: Bereziki adierazgarria da urriko osoko bilkuran gertatutakoa. EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek mozio bat aurkeztu zuten PSEko zinegotziaren eta Maite Izagirre alkatearen sinadurekin. Mozioa erdara hutsean zegoen! honek nabarmen uzten du euskararen erabilera arauei ematen zaien garrantzia eskasa.
 
Aipatutakoen antzeko hainbat arau-hauste ikusita, 2017ko ekainean EH Bildutik idatzi bat bidali genion EAJko euskara zinegotziari. Idatzi horretan gure kezka eta egonezina adierazi genizkion eta hainbat adibide ere jarri genituen mahai gainean. Ez dugu inolako erantzunik jaso.

Euskara batzordea eta euskaran ados! lan mahaia, bazterrean utzita:

Legealdi honetan zehar, euskara batzordea oso gutxitan batzartu da, ia legez behartuta edo derrigor bildu behar izan denean soilik bildu delarik. Bestalde, udal gobernu honek Euskaran ados! mahai parte hartzailea zakarrontzira bota nahi izan du. Amasa Villabonan euskararen inguruan hitz egiteko antolatuta zegoen mahai hau geldiarazi zela egiaztatuta, 2016ko abenduan idatzi bat aurkeztu genuen mahai hau berreskuratzeko eskaera eginez. Zorionez gure eskaerak baiezko erantzuna jaso zuen eta 2017ko urtarrilean bilera bat egin zen (udalak komunikabideetan harro zabaldu zuen bileraren albistea). Kontua da, orduz geroztik, eta dagoeneko urte bat eta 11 hilabete pasa dira, ez dela beste bilera bakar bat ere egin! Honek egungo arduradun politikoen utzikeria erakusten digu eta hau benetan mingarria da guretzat.
 
Udal gobernu honek hartu duen neurri positibo bakarra, euskara ikasteko diru laguntzen bidez, euskara ikastearen doakotasuna lortzeko hartutako erabakia izan da. Aipatu behar dugu honakoa ere, EH Bilduren proposamena izan zela (2017ko irailaren 26an aurkeztu genuen) eta gainera dezente kosta zitzaigula EAJko zinegotzia konbentzitzea.  

Azkenik, argi utzi nahi dugu idatzi honen bidez mahai gaineratu ditugun kritikak, tristuraz egiten ditugula eta gure asmoa ez dela euskararekin oposizio suntsitzailea egitea. Espero dugu honako idatzia ohartarazpen eraginkor bat izatea eta ardura politikoa dutenak esnatzeko balio izatea, zentzu positibo eta eraikitzaile batetik. Guztiok diogu euskararen alde gaudela eta euskararen normalizazioa lortu nahi dugula, jakina da bat egingo dugula Euskaraldian, euskararen egunean, Korrikan... ez al gara gai izango euskararen normalizazioa lortzeko hizkuntza politiketan ados jarri, eta gogor lan egiteko?

Espero dugu guztiz desiragarria den elkarlan hori, laster bideratu ahal izatea, baina horrek orain arte antzeman ez dugun arduradun politikoen gutxieneko gogoa, inplikazioa eta konpromisoak hartzeko borondatea eskatzen du ezinbestean. 
 
 
 

Xabat Laborde Etxabe

Amasa Villabonako EH Bildu Udal-Taldearen izenean

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!