EH Bilduk zuzenketa zehatzak aurkeztu dizkie 2019ko Udal Aurrekontuei

Amasa-Villabonako Udal Gobernuak aurkeztutako 2019. urterako aurrekontu proiektua aztertu ondoren, EH Bilduko udal-taldetik gure ustez aurrekontu hauek hobetzeko baliagarriak izango diren zuzenketa zerrenda bat osatzea erabaki dugu.

Zuzenketa hauek aurkeztearen helburu nagusia, Amasa Villabonako herritarren ongizatea bilatuko duten, herriaren beharretara egokituko diren eta udal kudeaketa egokia ahalbidetuko duten aurrekontuak onartzea da. Horretarako, gure herriak dituen beharrak eta lehentasunak kontuan izan behar dira ezinbestean.
 
Interesa baduzue, hemen irakurri dezakezue EH Bildutik udalean aurkeztu dugun zuzenketen dokumentu osoahttps://issuu.com/villabonaehbildu/docs/aurrekontuak_2019_eh_bilduren_zuzen
 
Udal Gobernuak aurkeztutako 2019ko aurrekontuen balorazioa:
 
 • Beste behin, herritarren parte hartzerik gabeko aurrekontuak:
Azken urteetako jokabideari eutsiz, Udal gobernuak aurrekontu proiektua osatzeko garaian, herritarren parte hartzea erabat alboratu du. Herritarrek kontuan hartzeko modukoak izaten diren proposamen interesgarriak egiten dituzte baina berriz ere udal gobernu honek ez du horretarako inolako biderik eman.
 
• Larreako parke estaliaren proiektua berriz ere baztertua:
Villabonako herri-gunean estalitako espazio publiko zabal baten beharra herritarren aspaldiko eskaera da, eskaera historikoa dela ere esan daiteke. Gainera Larreako parkea estaltzeko proiektu hau herritarrek zuzenean erabaki ahal izan zuten 2014an egindako parte hartze prozesu zabal baten amaieran. Horregatik, EH Bilduren iritziz honakoak lehentasunezko inbertsioa izan behar luke udalarentzat. PNVk ordea legealdi hasieratik baztertu du proiektu hau, eta ez du erabaki horren arrazoi garbirik adierazi.
 
• Ekonomikoki garrantzitsuenak diren inbertsioak zehaztu gabe:
2019ko aurrekontu proposamen honetan jasotzen diren bi inbertsio nagusiak, Txermingo aparkalekua eta Espaloiak eta asfaltatze lanak ezin izan ditugu behar bezala aztertu; Txermingo kasuan aparkalekua konpondu edo eraberritzeko inolako obra proiektu konkreturik ez dagoelako, eta konponketa edo asfaltatze lanei dagokienez, zehazki zer egin nahi den zehaztu gabe dagoelako.
 
• Gobernuaren aurrekontuak gora egin du eta beharrezkoak ez diren gastuak daude:
"Gobernua" izeneko sailaren aurrekontuak %8,60ko igoera izan du. Gure ustez bertan jasotzen diren hainbat gastu ez dira ezinbestekoak eta alferrikakoak dira. Hau litzateke Aholkularitza orokorra, Demokrazian 40 urte, Dietak goi karguak edo protokolo gastuak partiden kasua.
 
• Etxebizitza politiketan 0 euro:
Nabarmena da gaur egun etxebizitza duin bat izateko zailtasun eta oztopo handiak daudela Amasa Villabonan ere, eta gazteen emanzipazioa (lehen etxebizitza izatea) ia ezinezkoa bilakatu da. Alokairuen prezioen gorakada izugarriak, etxebizitza bat alokatzea luxu batean bilakatu du eta egoera horren aurrean erakunde publikoek ezin dute ezer egin gabe geratu. Arazo hau da gizarte arloan dugun erronka garrantzitsuenetakoa baina udal gobernu honek ezer ez egitea proposatzen du eta ez du euro bakar bat ere bideratuko etxebizitza politika aktiboak garatzeko.
 
 • Nazio eraikuntza baztertzen duten aurrekontuak:
Aurrekontu hauetan, aurreko legealdian ez bezala, Amasa Villabonako udalak ez die inolako diru laguntzarik eskainiko Euskal Herriaren nazio eraikuntzan ekarpen garrantzitsua egiten duten hainbat eragileri.
 
• Kultura eta Gizarte Zerbitzuetako aurrekontuak nahikoa egokiak dira:
2019ko aurrekontu proiektua aztertuta, alor positiboak ere ikusi ditugu eta horiek aitortzea gizalegezkoa da. Aurrekontu proiektu honetan kultura eta gizarte zerbitzuen sailetan esfortzu ekonomiko nabarmen bat egin dela antzematen da.
 
Amasa Villabonako EH Bilduk aurkeztu dituen zuzenketen laburpena: 
 
1. Larreako parkea estaltzeko proiektua: 196.000€
Legealdi osoan zehar behin eta berriz errepikatu dugun bezala, gure ustez proiektu hau gauzatzea hirigintzako inbertsioen ataleko lehentasuna izan beharko litzateke.
LARREA PARKE ESTALIA
Larreako haur parkea estaltzeko herritarren boto gehien jaso zuen proiektua, "Rayuela" izenekoa
 
2. Parekidetasuna: Berdintasun Batzordea: + 4.500 euro.
EH Bildutik "Berdintasunaren aldeko batzordea" sortzea proposatzen dugu. Bilgune honetan udaleko alderdi politikoak, mugimendu feministako ordezkariak eta udal teknikari batek parte hartuko lukete gutxienez. Mahai honen eginkizun nagusia, udalak parekidetasuna sustatzeko ezarritako aurrekontua kudeatzea izango da. Bertan erabakiko litzateke berdintasunaren alde udalak zer egingo duen 2019an. Berdintasunaren alde urrats sendoak eman nahi baldin baditugu, ezinbestekoa izango da udalaren eta herri mugimendu feministaren arteko elkarlana eta horretarako proposatzen dugu hau.
albisterako m8
2018ko martxoaren 8ko mobilizazio jendetsua Villabonako kaleetan
 
3. Merkataritza batzordearen sorrera: 3.000 euro
Merkataritza da gure herriko sektore ekonomikorik garrantzitsuena eta gizarte ikuspegi batetik ere funtsezkoa da herria "bizirik" mantentzeko. Gure herriko merkataritza sustatzeko ere, udalaren eta merkatarien arteko elkarlana ezinbestekoa da eta horretarako udalean Merkataritza batzordea sortzea proposatzen dugu. Batzorde honek asko lagunduko luke markatariak-udala elkarlan horretan, koordinazio gune aproposa izango da eta hori oso garrantzitsua da herriko merkataritza modu bateratuan sustatu eta indartzeko garaian.
 
4. Seaska Haur Eskola: Matrikulazioetarako diru laguntzak: 9.000 euro
Amasa Villabonako haur eskola publikoan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoentzat diru laguntza sistema bat ezartzea proposatzen dugu. Arrazoi ekonomikoak medio, Amasa Villabonako zenbait gurasok haurrak Zizurkilera eraman dituztela antzeman da eta Seaska haur eskolako matrikulazio kopuruak behera egin du. Egoera honen aurrean udalak beste alde batera begiratu beharrean, erreakzionatzea eta matrikulazioen kostu ekonomikoa murrizteko diru laguntza sistema bat ezartzea eskatzen dugu (dagoeneko Zizurkil eta Adunan martxan dagoen sistema berbera).

IMG 20180316 112421 893
Seaska haur eskolaren eraikina, Villabonako kale Berian.
 
5. Etxebizitza hutsak: Diagnostikoa eta ekintza plana: 12.000 euro
Lehenik eta behin Amasa Villabonan dauden etxebizitza hutsak identifikatu eta gaur egun duten egoera ezagutzeko azterketa bat egitea da proposatzen duguna. Ondoren, hutsik dauden etxebizitza horietatik ahalik eta gehien merkatura ateratzeko (bai salmenta eta baita alokairuen merkatura) politika aktiboak egin ahal izateko. Horretarako Ekintza Plan bat osatzea planteatzen dugu eta honen helburu nagusia Amasa Villabonan etxebizitza eskubidea bermatzea izango da, hau da, etxebizitza eskaintza duina eta guztientzat ekonomikoki posiblea edukitzea gure herrian.
 
6. Diru laguntzak: Nazio eraikuntza: 4.500 euro
Gure nazioaren etorkizunerako funtsezkoak diren hiru eragileri 1.500 euroko diru laguntza bana eskaintzea da proposatzen duguna. Eragile hauek Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia), Udalbiltza partzuergoa eta Euskal Memoria Fundazioa izango lirateke.
 
Zuzenketa hauekin 2019ko udal aurrekontuan 229.000 euroko aldaketak egingo lirateke, kopuru honek Amasa Villabonako udalaren aurrekontua osoaren %3,5a suposatzen du.
 
Azkenik, Amasa Villabonako EH Bildutik zuzenketa hauen inguruan hitz egin, eztabaidatu eta adostasunak lortzeko gure prestutasuna adierazi nahi dugu. Udal gobernuaren edo PSEren aldetik horretarako borondaterik balego, ziur gaude adostasun zabalak lor daitezkeela. Beraz, oraingoz EH Bilduko udal taldeak, aurrekontuak landuko diren osoko bilkuran bere bozkek izango duten norabidea (alde, aurka edo abstentzioa) ez dauka erabakita. Gure bozka, zuzenketa hauek izaten duten harreraren eta beste talde politikoek hitz egin zein negoziatzeko erakusten duten borondatearen araberakoa izango da.
 
2019rako aurrekontuak datorren astelehenean, urriaren 29an, 19:00etan izango den udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira. Osoko bilkurak publikoak dira eta herritarrei zabalik egoten dira, beraz interesa duen edonor bertaratu daiteke.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!