HERRIKO PLAZA IZANDA ERE, HERRITARREK EZ DUTE HITZIK
Pasa den uztailaren 18an, herriko festen prestaketa garaian, Amasa Villabonako udal gobernuak inbertsio sorta handi bat finantzatzeko 888.400 euro bideratzea erabaki zuen. Urte hasieran 2018 urte osoko inbertsioetarako 449.010 euro beharko zirela onartu zuen udalbatzak eta diru horri, ia bikoitza gehitzen zaio orain. Beraz, urtarrilean PNVk aurkeztutako aurrekontua iruzur hutsa zela salatu behar dugu; udal ordezkariok gehienbat inbertsioak eztabaidatzen ditugu aurrekontuetan, hori baita politika egiteko eta erabakiak hartzeko aukera ematen duen atal garrantzitsuena, eta orain kurtso erdia pasa eta gero inbertsioak ia hirukoiztea, ez da batere normala.
Pasa den uztailaren 18an, herriko festen prestaketa garaian, Amasa Villabonako udal gobernuak inbertsio sorta handi bat finantzatzeko 888.400 euro bideratzea erabaki zuen. Urte hasieran 2018 urte osoko inbertsioetarako 449.010 euro beharko zirela onartu zuen udalbatzak eta diru horri, ia bikoitza gehitzen zaio orain. Beraz, urtarrilean PNVk aurkeztutako aurrekontua iruzur hutsa zela salatu behar dugu; udal ordezkariok gehienbat inbertsioak eztabaidatzen ditugu aurrekontuetan, hori baita politika egiteko eta erabakiak hartzeko aukera ematen duen atal garrantzitsuena, eta orain kurtso erdia pasa eta gero inbertsioak ia hirukoiztea, ez da batere normala.
Diru hau guztia, udalaren gerakinetik aterako da, hau da, udalak bankuan daukan dirutik. Printzipioz, ondo iruditzen zaigu diru hori geldirik eduki beharrean, momentu jakin batean beharrezkoak diren inbertsioak egiteko edota ezusteko gastuei aurre egiteko erabiltzea. Baina oraingoan, urtearen erdian eta ezusteko ezertxo ere gertatu gabe, udalak urtez urte gordetako diruaren %68a lau hilabetetan xahutzea gehiegizkoa iruditzen zaigu.
Erabaki honen arrazoia bistakoa eta oso agerikoa da: PNVk hauteskunde kanpaina egiteko baliatu nahi du udalaren dirua, legealdiaren azken momentuan obra ugari eginez eta gero hori bere mesedetan erabiliz. Hiru urte luzetan egin ez dutena, orain azken momentuan egin nahi dute. Esan daiteke PNVk hauteskunde kanpaina inbertsio sorta honekin hasi duela. Udal gestioaren erabilera elektoralistaren adibide ezin hobea.
Udal gobernuak orain egin nahi dituen zenbait obra, Amasako frontoiaren berrikuntza edo Oriamendin udalak duen etxearen eraberritzea kasu, legealdian zehar behin baino gehiagotan eskatu izan ditugu oposiziotik. Beraz, herriarentzat beharrezkoak diren neurrian eta egoera hobetuko duten inbertsio eta obrak izanik, ez gara gu izango itsu-itsuan eta forma kontuengatik, kontra agertuko garenak. Ongi etorriak izan daitezela.
ERREBOTE PLAZA:
Inbertsio sorta honetako proiekturik esanguratsuena Errebote plazaren eraberritzea da dudarik gabe.
PNVren Alkatetzak Villabonako plazaren eraberritze-proiektua egiteko enpresa bat kontratatu ondoren, Maite Izagirre alkateak proiektu hori ofizialki onartu zuen pasa den irailaren 10ean sinatutako alkatetza dekretu baten bidez. Plaza guztiz eraberritzeko proiektua abuztuaren 20an erregistratu zen ofizialki eta udal gobernuak berehala onartu nahi izan du. Horrelako proiektu esanguratsu eta garrantzitsua hiru astetan aurkeztu eta onartu nahi izan dute, espaloi bat konpontzea balitz bezala.
Udalean eztabaidatu ere egin gabe, informazio publikorik eskaini gabe, alegazioetarako aukerarik gabe, herritarren parte hartzerako araudia urratuz eta gutxi batzuen artean, dagoeneko erabaki dute nolakoa izango den gure herriko plaza etorkizunean. Gai honetan (herriko plazaz ari gara) ez al litzateke askoz normalagoa patxadaz aritzea, proiektuari buruz denon artean eztabaidatzea eta adostasun bat bilatzea? Ez al gara gai gure herriko plazaz ere ados jartzeko? Kontua da PNVk ez duela horretarako borondaterik, beren interes elektoralerako baliatu nahi dute eta.
EH Bildutik argi utzi nahi dugu Errebote plazak eraberritze bat behar duela, denboraren poderioz gaur egun oso egoera hondatuan baitago. Agerikoa da plazako lurzoruak eta paretek konponketak behar dituztela.
Errebote plazako hegoaldeko pareta. Bistan da egoera txarrean dagoela eta konponketa behar duela.
Baina gure ustez proiektua onartzeko erabilitako aldebakarreko prozedura hau oso larria da, udal gobernu honek herritarrekiko eta herritarren parte hartzearekiko duen mespretxua erakusten baitu. Proiektu hau garatzeko herritarren parte hartzea erabat baztertzea eta herritarrekin ezertarako kontatu gabe herriko plaza birmoldatu nahi izatea onartezina iruditzen zaigu. Gainera jarrera honek 2014an onartutako (PNVren aldeko botoekin) eta indarrean jarraitzen duen Herritarren parte hartzeari buruzko Araudia urratzen duela uste dugu. Araudi horrek proiektu esanguratsuetan herritarrek aktiboki parte hartzeko mekanismoak martxan jartzea aurreikusten zuen, baina argi dago udaleko agintarientzat lehen eta bigarren mailako araudiak daudela, eta herritarren parte hartzea arautzen duena, ez dela derrigor bete beharrekoa. Honek guztiak, Amasa Villabonan PNVk eta bere alkatetzak azken urteetan mantendu duen nagusikeriazko talante inposatzailea erakutsi digu beste behin.
Eraberritze proiektuari dagokionez hainbat kezka sortu zaizkigu:
Aurrekontua
Hasieratik iruditu zitzaigun 400.000 eurotik gorako aurrekontua oso handia zela plaza bat eraberritzeko eta aurrekontua puntuz puntu aztertuta, beharrezkoak ez diren diru xahuketa nabarmenak daudela ikusi dugu. Adibide batzuk jartzeagatik, gehienbat apaingarri gisa erabiltzeko argietan 55.000 euro gastatu nahi dira (plazak ez duenean iluminazio gabezia handirik) eta lurrean apaingarri gisa "lehen mailako harri granitiko artifizial zuria" jartzeagatik 67.000 euro xahutuko dira. Gure ustez, honakoak (eta beste batzuk) udalak lasai asko aurreztu zitzakeen gastuak dira, baina badirudi orain Villabonan plaza bat beharrean katedral bat dugula eta dena dekoraziorako argiz eta lehen kalitatezko harriz bete behar dela. Noski, dirua beraiena ez denez (diru publikoa baizik) aurrera!
Gainera aipatu beharrekoa da udal teknikariek plaza eraberritzeko aurreikusten zuten aurrekontua 200.000 euro ingurukoa zela, PNV eta PSEk orain onartu duten proiektuaren kostuaren erdia.
Erabaki eztabaidagarriak
Proiektuak plazaren itxura eta konposizioa eraldatuko duten hainbat obra jasotzen ditu eta beste erabaki batzuk airean geratzen dira, definitu gabe.
Plazaren hegoaldeko partean "txokoa" egiten duen pareta botatzea. Hau gutxienez eztabaidagarria iruditzen zaigu. Ze kalte egiten du pareta horrek? ez al da erabilgarria adibidez esku pilotan aritzeko? Gainera pareta hau botatzeak ere bere gastu gehigarria suposatuko du, merezi al du?
Bestalde, proiektua aztertuta, konklusio honetara iristen gara: Erabateko lehentasuna eta ia erabileraren esklusibotasuna ematen zaio erreboteari, plazak izan ditzakeen (eta dituen) beste hainbat erabileraren kaltetan. Inork ez du zalantzan jartzen Errebote plazan errebotean jokatu behar denik eta guztiok nahi dugu gure herriaren ikurra den kirol honek etorkizunean jarraipen oparoa izatea. Baina ez al da posible plazan erreboteaz gain, orain arte bezala adibidez futbitoan ere jolastu ahal izatea? zergatik kendu behar du batak bestea? ez dugu ulertzen. Honek, PNVren udal gobernuak gure herriko errealitatea ez duela ezagutzen edo errealitate horri aurre egin nahi diola erakusten du, izan ere seguru aski maiatzetik santioetara bitarte luzatzen den kuadrilen arteko futbito txapelketa baita Villabonan urte guztian dagoen ekimenik jendetsuena.
Bestalde, proiektuan guztiz argitzen ez diren zenbait erabaki airean geratzen dira. Zein koloretan margotuko dira plazako paretak? eta udaletxea?...
Azkenik proiektu honetan zentzurik gabeko kontu bat ere ikusi dugu eta aipagarria dela uste dugu. Proiektuak udaletxeko fatxada konpondu eta margotzea jasotzen du, baina eraikinaren atzeko aldea (ibai aldera ematen duena) ez da ukituko eta dagoen bezala utzi nahi da. Udaletxeko fatxadak konpondu eta margotu behar badira (eta horretarako beharra dago), zentzuzkoena eta normalena fatxada guztiak konpontzea litzateke, ezta? Zizurkil aldera ematen duen fatxada dagoen bezala uztea txapuza hutsa izango litzateke zalantzarik gabe.
EH Bilduko kideon ustez, penagarria da gure herriko bihotza den Errebote plazaren etorkizuna udal gobernuko pertsona gutxi batzuen artean (tartean herrikoak ere ez diren zinegotzi jeltzaleek), herritarren eta udaleko beste ordezkarien parte hartzeari ateak itxita, korrika eta presaka eta helburu alderdikoi eta elektoralista nabarmenarekin erabakitzea.
Ondorioz, PNV eta PSOEko udal ordezkariei, proiektu honen tramitazioa momentuz gelditzea eta Errebote plazaren etorkizunari eta egin beharreko eraberritzeari buruzko prozesu bat martxan jartzea eskatzen diegu. Prozesu horrek herritarren parte hartze aktiboa bilatu eta ahalbidetu behar luke eta prozesu publiko eta gardena izan beharko da. Hori eginez gero, EH Bilduko ordezkari eta kideak udal gobernuarekin elkarlanean aritu eta bidelagun izateko prest gaude.
Guztion plaza delako, herritarrek erabaki!