Hitzaldia antolatu dugu Errebote plaza eraberritzeko proiketuaz informatzeko

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2018ko irailaren 24a

Amasa Villabonako udal gobernuak (EAJ-PNV eta PSE) Villabonako Errebote plaza guztiz eraberritzeko proiektu bat onartu du. Proiektua pasa den irailaren 10ean onartu zen Maite Izagirre alkateak sinatutako dekretu baten bidez.

Errebote plaza gure herriko espazio garrantzitsua da, Villabonaren ikur eta bihotza eta udalak onartu duen proiektuak aldaketa nabarmenak ekarriko ditu. 
 
Gure ustez, herriko plazari eragingo dion proiektu bat behin betirako onartu aurretik, udalak gutxienez herritarrak informatu behar lituzke eta 2014an onartutako Herritarren Parte Hartzeari buruzko Araudia jarraituz, herritarren parte hartzeari bide eman. 
 
EAJ-PNVko udal gobernuak gai honetan izan duen portaera ez da onargarria; azken unean presaka (proiektua abuztuaren 20an aurkeztu zen eta irailaren 10erako onartuta zegoen), oposizioari ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe, udalbatzan eztabaidatu ere egin gabe, alegazioak aurkezteko eperik zabaldu gabe, ia ezkutuan publikoki inolako informaziorik eskaini gabe, gardentasunik gabe, herritarrekin ezertarako kontatu gabe, gutxi batzuen artean erabakita... herriko plaza guztiz eraberritu nahi izan dute.
 
Gainera, dirudienez, proiektu honek plazaren erabilera mugatzea ekarriko du, gaur egun bertan egiten diren hainbat ekintza plazatik kanpora atera behar izango direlarik. 
 
Guzti honegatik EH Bilduko kideok herritarrak informatzeko urratsa eman nahi izan dugu. Udalak ez badu egiten, guk egin beharko dugu. 
 
HITZALDIA: Irailak 26, asteazkena: 19:00etan Subijana Etxean.
 
Bertan proiektu honi buruzko informazioa eskainiko dugu eta bertaratutakoen zalantza guztiak argitzen saiatuko gara. Interesa duten herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu, anima zaitez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!