"Birziklatzearen aldeko" kanpaina hau udal gobernuak aldebakartasunez, beste talde politikoei ezertxo ere jakinarazi gabe eta komunikazio edo marketing enpresa pribatu bat dekretuz kontratatuta diseinatu izana salatu nahi dugu. EH Bilduko zinegotziak ez ziren gonbidatuak izan aipatutako aurkezpen prentsaurrekora ere, eta honek argi uzten digu PNVko agintariek ez dutela gai honetan adostasuna eta elkarlana bilatu nahi izan, guztiz kontrakoa, kanpaina hau beraiek bakarrik garatu nahi dutela erakutsi digute.
2016an udaleko alderdi guztien artean lortutako akordioarekin, hondakinen bilketa sistemaren inguruan izandako tira-birak eta liskarrak gaindituta zeudela uste genuen baina hauteskundeak gerturatu diren honetan, nabarmen geratu da jeltzaleek berriro ere gai hau kalera atera nahi duela arrazoi eta helburu guztiz alderdikoi eta elektoralengatik.
Zorionez, adostutako hondakinen bilketa sistemak emaitza positiboak eman ditu eta hondakinen bereizketa tasak %80tik gorakoak izatera iritsi dira. Pozik egoteko zifrak dira eta amasa billabonatarrak txalotu eta zoriontzeko modukoak.
Hau horrela izanda ere, gai honi etengabeko jarraipena egin behar zaio eta adi egon behar gara atzera pausurik egon ez dadin. Horregatik, gu beti egongo gara sentsibilizazio kanpaina eta birziklatzea sustatuko duten ekimen guztien alde, eta prest egon gara beti (oposizioan izan arren) udal gobernuarekin betera elkarlanean aritzeko. Baina PNVko agintariek argi utzi digute kanpaina honetan ez gaituztela beren alboan eduki nahi. Honek tristura eragiten digu, ez al da tristea teorian denok birziklatzearen alde gaudenean, horrelako kanpaina bat modu bateratuan ezin egitea?
Dirudienez, azken udal hauteskundeetan emaitza ona eman zien gatazka egoera errepikatu nahi dute jeltzaleek, jendeari EH Bilduk gaizki egindakoak gogorarazi nahian. Eta bide batez hondakinen gaian "zerbait" egiten ari direnaren itxura eman nahian dabiltza. Hori da orain martxan jarri duten "kanpaina" honen helburu bakarra.
Guk egin beharreko autokritika ariketa sakona egin genuen 2015ean, badakigu akats handiak egin genituela, hainbat momentutan ez genuela zuzen jokatu, herritar askoren iritziaren aurrean beste alde batera begiratu genuela etab. Baina aldi berean, denboraren perspektibarekin, atez ateko sistemak ondorio positiboak ekarri dituela ikusi dugu. Bilketa sistema harekin herritarrek hondakinak behar bezala bereizten ikasi genuen eta ukaezina da atez atekorik izan ez balitz, egungo sistemarekin ez ginatekeela sekula %80ko tasara helduko. Maite Izagirre alkateak ordea, berearekin jarraitzen du eta "birziklatzearen aldeko" kanpainaren aurkezpenean, birziklatzearen alde hitz egin beharrean horrelakoak bota zituen: "Ez genuen ezer lortuko aurreko gobernu taldeak martxan jarri zuen sistema zapaltzailearekin.”
Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi, besteei behin eta berriz "inposatzaile" deitzen dieten jeltzaleek, Amasa Villabonatik 7 kilometro eskasera dagoen Zubietako Erraustegi toxikoa inposatu digutela. Non dago hemen herriaren hitza? gai honetan herritarren iritziak ez du lekurik nonbait. Erraustegiak errefusa behar du bere funtzionamendurako, eta hori hondakinak ez sortzearen, birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren kontra doa zuzen zuzenean. Gehiago birziklatu eta hondakin gutxiago sortuko bagenu, erraustegiak ez luke zentzurik izango eta PNVkoek badakite hori. Bestalde, frogatuta dago erraustegiek pertsonen osasunean kalteak eragiten dituztela (minbizi gehiago, arnaste arazoak...) baina inguruko biztanleen (tartean amasa billabonatarren) osasunak ere ez die arduratzen. Hori gutxi balitz, jendea tontotzat hartzen dute erraustegiari erraustegia deitu beharrean "complejo medioambiental" bezala izendatuz eta tximiniarik gabeko gune baten irudia erakusten dutenean.
Ondorioz, orain herriko jeltzaleak, udalaren diruarekin eta beraiek bakar bakarrik gehiago birziklatu behar dugula esten digutenean, zer esan? Hipokrita hutsak zarete! erraustegirik ez!