Herriko argi guztiak aldatzeko proiektu erraldoia onartu du PNV-PSOE koalizioak, udala 10 urtetarako ekonomikoki baldintzatuz

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2018ko ira. 14a, 14:22
Pasa den ostegunean egindako ez-ohiko Udalbatzan, PNV-PSOE udal gobernuak herriko argiteria osoa aldatzeko eta datozen 10 urtetarako energia horniketa eta mantenurako 1.500.000 euro inguruko gastua onartu zuen. Azken hamarkadetako (seguruenik 1998an kiroldegia egin zenetik) gastu edo inbertsiorik handiena alajaina!
Onartutako proiektu honekin udalak 10 urtez, ia 150.000 euro ordainduko beharko ditu urtero. Kontuan izan behar dugu urte oso bateko aurrekontuan udalak inbertsioetarako izaten duen dirua 400.000 euro ingurukoa izaten dela eta urte normal bateko inbertsiorik handiena 100.000 euroren bueltan egoten dela. Beraz, nabarmena eta ukaezina da, erabaki honekin datozen urteetarako udal aurrekontua baldintzatu egingo dela.
 
Pasa den udaberrian udalak enpresa bat kontratatu zuen (beti bezala alkate dekretu bidez) herriko argiteriaren egoera ezagutzeko auditoria bat egiteko. Auditoria horren bidez Amasa Villabonako farolen egoera ezagutu ahal izan genuen eta ondorioa argia zen; herrian zehar auzo ezberdinetan, energia kontsumo eta argi-kutsadura handia sortzen duten zaharkitutako farola ugari daude. Ondorioz, beharrezkoa da farola hauetako argiak LED teknologiadun kontsumo baxuko eta argi-kutsadura askoz gutxiago sortzen duten argiengatik aldatzen joatea. Hori ez du inork zalantzan jartzen eta guk ere udalak datozen urteetarako duen ezinbesteko eginbeharra dela defendatzen dugu. Argiteria modernizatu behar dugu, energia kontsumoa gutxituz eta argi-kutsadura ahal bezain beste murriztuz, dudarik gabe.
 
Hau horrela izanda, nola egin hori modu egokian? Gure ustez, arrazionalena lehenik eta behin egoera txarrenean dauden eta gehien kontsumitzen duten argiak aldatzea litzateke eta ondoren urtez urte, modu gradualean, argiteria modernizatzeko prozesu bat garatzea. Normala den bezala, herriko argiteriaren modernizazio plan horren garapena urte bakoitzeko egoera ekonomikoak baldintzatuko du, zoritxarrez gure udalak baliabide ekonomiko oso mugatuak ditu eta urte jakin batean beste lehentasun batzuk ere egon daitezke. 
 
Hauxe litzateke udal serio eta arduratsu batek egingo lukeena, baina ez, Amasa Villabonan agintzen duen PNV-PSOE koalizioak nahiago izan du bere estiloari jarraitzea eta dirua irabaztea beste helbururik ez duten enpresa pribatuetako gorbatadunek proposatzen dutenari itsu itsuan jarraitzea. Izan ere, berriro ere alkateak dekretuz aukeratutako enpresa pribatu bati eman zaio herriko argiteria aldatzeko pleguak (proiektuak bete beharreko baldintza tekniko eta administratiboak) egiteko zeregina. Herriko argiak aldatzeko baldintzak udalak jarri beharrean, enpresa pribatu batek jarri ditu. PNV-PSOE estiloaren adibide bikaina.
 
Plegu edo baldintza horiek, besteak beste, herriko argien mantenua pribatizatzea ekarriko dute. Hemendik aurrera argien mantenu lanak (konponketa txikiak...) udalak egitetik, enpresa pribatu batek egitera pasako da.
 
Gainera ez dugu uste momentu honetan herri osoko farola guztiak aldatzea beharrezkoa denik, adibidez Errota, Arroa eta Larreako argi gehienak LED teknologiakoak eta kontsumo txikikoak dira eta udalak EVEren (Ente Vasco de Energia) sari bat jaso zuen 2015an aldaketa horiek egiteagatik. Pasa den legealdian jarritako argi hauek oraindik berriak eta energetikoki efizienteak izanik, zertarako aldatu? Ez dauka zentzurik.
 
Honegatik guztiagatik, ostegunean proiektu honen kontrako bozka eman zuten EH Bilduko zinegotziek. Herriko argiak energetikoki efizienteak izatearen eta argi-kutsadura murriztearen helburuekin erabat ados egonda ere, ez dugu horretarako PNV-PSOE gobernuak erabili nahi duen modua konpartitzen. 
 
Bukatzeko, mezu argi bat bidali nahi diegu Amasa Villabonako udal agintariei: Ez kontatu gurekin diru publikoa modu honetan xahutzeko, enpresa pribatuen interesak udalaren (herriaren) interesen gainetik jartzeko eta gainera zerbitzuak pribatizatzeko. Gure herriaren etorkizuna baldintzatzen duten jokabide partidista eta arduragabeen aurrean, ez gara isilik geratuko. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!