Arija PSOE-ko zinegotziak, parke estalia egiteko eskatu du publikoki, gutxienez bi alditan proiektuaren kontra bozkatu eta gero

Maria Luisa Arija Amasa Villabonako udaleko PSOEko zinegotziaren zinismo eta lotsagabekeria mailak ez du mugarik. Aste honetan argitaratu duen ohar batean, berriro ere parke estalia defendatu du Hondarribian bizi den PSOEko ordezkariak eta "ezinbestekoa" dela adierazi du.

 
Arija andreak memoria oso eskasa duela erakutsi du beste behin; EH Bilduko udal taldeak 2016 eta 2018ko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketen bidez Larreako parkea estaltzeko proiektua (2014an garatutako prozesu parte hartzaile baten bidez herritarrek gehien bozkatutako proiektua) onartu eta obra egitea proposatu zuen, zenbakiak mahai gainean jarriz eta borondatea balego, egin zitekeela erakutsiz. Eta zer egin zuen PSOEko Arijak? PNVrekin batera, zuzenketaren kontrako bozka eman, eta proiektua baztertu! Bai, bi alditan Larreako parkea estaltzeko proiektuaren kontra bozkatu zuen Arijak eta bere bozkak Amasa Villabonako Udalbatzan dagoen PNV eta EH Bilduren arteko berdinketa apurtzen duenez, bere aldeko bozkarekin proiektua 2016an eginda egon zitekeen! Ondorioz, Arija bera da proiektua ez egitearen arduradun nagusia. Eta orain (gainera ez da lehen aldia) parkea estaltzea "ezinbestekoa" dela dio, izugarria. 
 
PNVk hasieratik baztertu zuen proiektu hau egitea, dirurik ez edukitzearen aitzakia faltsua erabiliz eta bere estiloari jarraiki, herritarren parte hartzea mespretxatuz. Jeltzaleak gutxienez koherentzia mantendu dute, baina PSOEko ordezkariaren jarrerak gustu txarreko txantxa bat dirudi. Arijak publikoki gauza bat esan eta gero udaletxean guztiz kontrakoa egiten du behin eta berriro. Jokabide horrek izen bat du: Hipokrisia.      
 
EH Bildutik legealdi osoan zehar behin eta berriro defendatu dugu proiektu hau behingoz egitea, gure herriak duen behar eta eskaera garrantzitsu bati erantzuten baitio. Eta aipatu dugun bezala PSOEko zinegotziaren jokabidea lotsagarria izan arren, berriro ere eskua luzatzen diogu 2019ko aurrekontuetan Larreako parkea estaltzeko proiektuaren egikaritzea jaso dadin. Arijak bere eskuetan du erabakia. 

 
Amasa Villabonan, 2018ko irailaren 11n

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!