Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian lortutako akordioaren izaera historikoa azpimarratu du EH Bilduk

Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian lortutako akordioa baloratzeko eta etorkizunerako ikuspegian jartzeko, Arnaldo Otegik eta Maddalen Iriartek EH Bilduk argitaratutako adierazpena aurkeztu zuten.

Adierazpena:
 
Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian onartu dugun Estatutu proposamena testu juridiko-politiko bat baino askoz gehiago da. Pertsona guztion egunerokoari eragiten dizkiguten gauzei buruz erabakitzeko botere eta burujabetza gehiago eskainiko digun tresna soziala da. Gure bizitzak hobetzeko behar duguna da eta, horregatik, eskubide sozialak gure autogobernuaren ardatz bihurtu ditugu.
 
• Estatutu berriarekin pertsona guztiek bizitza duin bat egin ahal izateko gutxieneko diru-sarrerak bermatuta izango duten herria eraiki nahi dugu.
• Hezkuntzak eta osasunak blindaje bikoitza izango dute etorkizuneko Euskadin.
• Pertsona guztiok behar dugun zaintza eta ko-ardura bermatuta izango dira.
• Enplegua eskubidea izango da.
• Aniztasun sexualari, erlijiosoari eta kulturalari errespetua ere bermatuta izango dira. Eta, nola ez, akordio honek modu esplizituan jasotzen du emakumeok bizitza duinak, libreak eta osoak izango ditugula, indarkeria matxista eta diskriminazio gabe.
 
Hauek eta beste asko dira guretzat, gure seme-alabentzat eta etorkizunarentzat nahi ditugun baldintza sozialak eta ekonomikoak. Eta, horregatik, estatus berrian aitortzen da euskal hiritarrak direla eskubide guztien jabe, inor baztertu gabe.
 
Irizpide horiek gauzatu ahal izateko, euskal instituzioek aukera izango dute kontsultak eta erreferendumak deitzeko; parte-hartzean sinesten dugulako, bere egunerokoan erabaki ahal izateko herritarrei hitza ematean sinesten dugu. Eta eskubide horiek betetzen direla zaintzeko, botere judizial propioa izan nahi dugu.
 
Lortu dugun akordioak jasotzen duen moduan, identitate sozio-kulturala daukan herria gara, ezaugarri politiko propioa, hizkuntza propioa eta kultura propioa daukana. Hala, aldebikotasunean oinarritutako harreman berria nahi dugu estatuarekin, hau da, berdinetik berdinerako harremana izan nahi dugu estatuarekin. Harreman berri hori eraiki beharra dago, gaur eguneko mendekotasunean oinarrituta dagoelako. Horrela bakarrik lortu ahal izango dugu gure eskubideak bermatuta izango diren etorkizuna eraikitzea.
 
Gasteizko Parlamentuaren %75ak lortutako akordioa eredugarria eta transbertsala da. Akordio honek gehiengo berriak eraikitzeko aukerari atea irekitzen dio. Gehiengo berri horiek posible egin behar dute herri honek aurrera egitea, eta geldialdi edo atzeraldi posizioetan mantentzeko erresistentziak gainditzea.
 
Egindako lanarekin eta lortutako akordioarekin pozik gaude EH Bildun. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan politika beste ardatz batzuen gainean eraikitzeko aurrekari ona dela uste dugu, beti herritarren interesak lehenetsiz eta irizpide horiek burujabetzatik eta bizitzaren eremu guztiei eragiten dien erabakitzeko eskubidetik garatuz.
 
EH Bildu osatzen dugun guztiok erantzukizunarekin jokatu dugu, egoerak eskatzen duen mailan eta, beti ere, gure herrian bizi diren pertsona guztien ongizateari lehentasuna emanda. Etorkizunerako ikuspegiarekin eta herritarren borondateari bidea irekiz, inolako txantaje legalik gabe.
 
Euskal Herria Bilduk aurrera egitearen alde egiten du. Herri eta gizarte bezala beste aurrerapauso bat egin dezagun lan egiten du Euskal Herria Bilduk. Gure herriak iragan zabala dauka; etorkizun oparoa izateko lan egin dezagun.
 
Irekitzen ari den aukera-leihoa baliatuko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!