Albistearen mamira joanez, PNVk dagoeneko erabaki batzuk hartu dituela ikusi dugu:
Urteurrenaren logoa
Aipatutako prentsaurrekoan, PNVko ordezkarien atzean, pantaila batean, irudi edo logotipo bat ageri zen. Hori ikusita burura etorritako lehen galdera argia da, nork egin ote du logo hori? Albistean informazio hori ez zegoenez, udaleko plenoan galdetzea bururatu zitzaigun. Galderaren erantzuna harrigarria izan zen, udal gobernuko inork ez omen zekien nork egin zuen logoa "komunikazio enpresa batek egin du, baina ez dugu gogoratzen zehazki zeinek" erantzun zuen Eneko Urdangarin zinegotziak. Misterioa argitzeko asmoz, udaleko ekonomia sailera joan eta fakturen artean begiratuta jakin genuen erantzuna: Logoaren faktura Arantzazu Garin andrearen izenean dago. Bai, udal gobernuak Amavi aldizkaria egiteko kontratatu zuen (urtean 20.000 euroko kontratuarekin) Ordiziako PNVko kidearen izenean! eta udalak 583 euro ordaindu dizkio lan honengatik. Orduan, norbaitek sinetsi al dezake Urdangarin jaunak plenoan esandakoa? argi dago udal gobernuak apropos, Arantzazu Garin jeltzaleari eman ziola logoa egiteko lana. PNVren jardunean ohikoa den klientelismoaren beste adibide bat.
Ez al litzateke egokiagoa izango Amasa Villabonaren urteurreneko logoa herriko norbaitek egitea? Gure ustez lehiaketa publiko bat egin zitekeen, herriko jendeari proposamenak aurkezteko aukera emanez eta logotipo irabazlea modu parte hartzailean (bozketa bidez) erabakiz. Dagoeneko gastatu den dirua, beren lanak aurkeztutako herritarren artean sari gisa banatu zitekeen.
Baina ez, PNVkoek erabaki dute logoa herritik kanpoko alderdikide batek egitea eta kitto.
Santio eta San Martin jaietarako zapiak
Aipatutako albistearen azken esaldian hau irakur zitekeen: "Aurtengoan zein datorren urtean logotipo berriaren irudia izango duten zapiak banatuko dira Villabonako Santio festetan eta Amasako San Martin festetan."
Urteurrena datorren urtean bada, zein zentzu dauka aurtengo jaietan logo hori duten zapiak banatzeak? zer ospatzen da aurten? 399. urteurrena? Gure ustez honek ez du inolako logikarik eta lotuta dago pasa den urtean udalak Santioetako zapiekin egindakoarekin. Azken urte luzetan herri mugimenduko taldeen eskutik jaietarako ateratzen zen zapia boikotatzeko asmoz, pasa den urtean udalak (lehen aldiz) zapiak atera eta doan banatu zituen. Dirudienez aurtengoan helburu berdinarekin jarraitzen dute eta 400. urteurrena erabili dute gauza bera egiteko aitzakia gisa. Bestalde, Santioetako jai batzordean udal gobernuak ez du hau aipatu ere egin. San Martin jaietako antolatzaileak ere, komunikabideen bidez jakin dute Amasako jaietan udalak zapi horiek banatuko dituela.
Denona, herritar guztiena izan behar lukeen Amasa Villabonaren 400. urteurrena bera ere, interes alderdikoietarako erabili nahi izatea izan da azken kapitulua.