LGTBI+ PERTSONEN SEXU-ASKAPENERAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Izan, bizi, hautatu eta gozatu... LIBRE!
49 urte igaro dira Stonewalleko erreboltaz geroztik. 1969ko ekainaren 27tik 28rako gauean New Yorkeko polizia Stonewall izeneko pub batean sartu zen transexual, lesbiana, gay eta bisexualak atxilotzeko. Euren eskubideak defendatzeko elkartzen ziren lehen aldia ez bazen ere, data hori mugarri bihurtu zen diskriminazio eta ikusezintasun testuinguru batean: LGTBI+ pertsonek euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko antolatu zuten borrokan katalizatzaile bat izan zen.
Orduz geroztik ekainaren 28an LGTBI+ pertsonen Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatzen da: dibertsitatea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere.
Gaur egun oraindik ere LGTBI+ pertsonek mota guztietako diskriminazioak jasaten dituzte, askotan indarkeria barne: sexu-orientazioagatiko eta/edo genero identitateagatiko gorroto-delituak, heterosexualitatea arau gisa inposatzen dela agerian uzten duten hainbat diskriminazio eta eraso, trans kolektiboaren patologizazioa, trans diren haur eta nerabeentzako arreta egokirik eza, eta abar. Ez dugu ahaztu behar bidegabeko errealitate diskriminatzaile hori askoz handiagoa dela pertsona askorentzat euren arraza, jatorria, egoera administratiboa eta/edo sozioekonomikoa eta abar direla medio. Oraindik ere hori gertatzen ari da gure gizartean, eta gure betebeharra da LGTBI+ pertsonen aurkako diskriminazio mota oro ezabatzeko lan egitea. Araudiari eta ekintza espezifikoak martxan jartzeari dagokienez aurrerapausoak eman diren arren, oraindik lan asko egin behar da LGTBI+ pertsonek euren eskubide guztiez egun guztietan goza dezaten eta sexualitatea eta generoa bizitzeko modu eta adierazpen guztien normalizaziorantz beharrezko gizarte-aldaketa gauzatzeko.
Egun honetan ezin dugu ahaztu Euskal Herrian mugimendu LGTBI+ eta feminista osatzen duten pertsona guztien borrokaren aldarrikapena, izan ere, eguneroko zereginean, eta diskriminazio mota oro ezabatzeko lan eginez, gizarte benetan bidezkoa, igualitarioa eta feminista eraikitzeko funtsezko ekarpena egiten baitute. Euren borrokari laguntzeko gure konpromiso politikoak egunerokoa izan behar du, ez soilik adierazpenak eginez, baizik eta gizarte-ordezkariekin adostutako ekintzak martxan jartzeko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak konprometituz, betiere ikuspegi feminista eta eraikitzailearekin.
Funtsezko giza eskubideez, norberaren identitatea definitzeko eta identitate hori askatasunez bizitzeko eskubideaz ari gara eta eskubide horiek egunero errespeta daitezen borrokatzea dagokigu.
Gora LGTBI+ sexu-askapenerako eguna eta LGTBI+ pertsonen harrotasuna!
EH BILDU AMASA VILABONA