Parte hartze handiarekin, 53 alkategai ezberdin proposatu dituzte Amasa Villabonako herritarrek

Pasa den igandean Amasa Villabonako herritar ugari gerturatu zen Gurea zinera EH Bilduk ezarritako hautetsontzi edo kutxan bere alkategai proposamenak botatzera. Amasa Villaboanako EH Bildutik oso balorazio positiboa egiten dugu, oso pozik gaude lortutako parte hartzearekin eta eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan parte hartu duten herrritar guztiei.

Argi geratu da herritarrei hitza eta ahotsa emanez gero, herritarren erantzuna ona izaten dela eta horrek igandean ekindako bideari jarraitzeko indar eta gogo gehiago ematen dizkigu.
 
Hauek dira igandean izandako parte hartze ariketaren datuak:
 
  • Parte hartzea: 94 paper (paper batzuk herritar ezberdinen artean bete ziren, beraz, esan dezakegu 100dik gora herritarrek parte hartu zutela).
  • Emaiatza: Guztira 53 alkategai edo zerrenda-buru ezberdin proposatu dira. 
Hasieratik adierazi dugun bezala, Amasa Villabonako EH Bilduko kideok, datozen hilabeteetan alkategai izateko proposatuak izan diren pertsona guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartzen dugu. Herritarrek lan handia jarri digute, guztira 53 pertsonarekin kontaktuan jarri, hitzordua zehaztu eta hitz egin beharko baitugu, baina atsegin handiz egingo dugu. Guztiekin hitz egin ondoren, iraila edo urrian, alkategaia hautatzeko azken prozesua zabalduko dugu eta ziurtasun osoz esan dezakegu Amasa Villabonako EH Bilduk izango duen alkategaia, igandean herritarrek proposatutako 53 pertsona horien artean dagoela.

Iraila edo urrian garatuko dugun hautaketa prozesua ere herritarren parte hartze zuzenarekin egin nahi dugu eta prozesu gardena eta demokratikoa izango da dudarik gabe. Baliteke hautagai ezberdinen arteko bozketak ere egin behar izatea baina proposatuak izan direnekin hitz egin aurretik, gaur gaurkoz, ezin dugu ezer aurreratu. 
 
Bukatzeko, beste behin gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, bere papertxoa hartu eta alkategai aukeraketa prozesu honetan parte hartzeko urratsa eman duten herritar guzti guztiei.
 
 


EH BILDU AMASA VILLABONA
Amasa Villabonan, 2018ko ekainaren 18an

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!